Abendua urteko azken hilabetea da eta horrek badirudi denok behartzen gaituela nolabait urteko balantzea egitera. Zuri ere horretara bultzatzen al zaitu abenduak?

Abenduak balantze ekonomikoa egitera behartzen gaitu eta aholkularitzarekin harreman estuan ibili behar izaten gara dena itxi eta galerarik ez izateko behintzat. Baina, itxiera horretaz gain, bizitza pertsonalean ere urtea “ixtea” gustuko al duzue? Askotan, gizarte batean bizi garen aldetik, gehiengoak egiten duena egiten dugu, gehiegi pentsatu gabe horrek guretzat zentzua duen edo ez.

Urtearen itxierak momentu batzuetan zentzua izan dezake, abenduarekin batera, proiektu handi bat edo bestelako zerbait ere ixten dugulako. Baina, beste batzuentzat agian itxiera hori egiteak zentzu gehiago dauka uztailean eta ez abenduan… Lan motaren arabera, gure proiektu profesional eta pertsonalen arabera, hausnarketa edo itxiera horrek une batean edo bestean izan dezake lekua.

Zerk bideratzen zaitu nolabaiteko balantzea egitera? Ekintzaile izateak horretara bultzatuko gaitu maiz: hausnartzera, balantzeak egitera, gure proiektua bide beretik garatu nahi dugun edo ez pentsatzera, ondo eta gaizki kudeatzen duguna aztertzera, etab. Baina, egunerokoaren zurrunbiloak ez digu nahi beste denbora uzten lasai gure egoeraren inguruan pentsatu eta erabakiak hartzera. Hori dela eta, abenduak, urtearen itxierarekin batera, lagun diezaguke gure proiektuaren balantze orokorra egiten. Orain arte bezala jarraitu nahi dugu? Zerbitzuren bat moldatzeko beharra sentitu dugu? Nola egon gara bai fisikoki, bai emozionalki urte honetan?

Edota, zuk agian hori nahiago duzu uztailean edo beste momenturen batean egin. Noiz egiten den ez da garrantzitsuena, egitea baizik, hausnartzea. Bestela, egonezina luza genezake nahi eta behar baino gehiago gure kalterako. Gu geu aldatzen goazen neurrian, gure proiektuak ere garatzen eta aldatzen goaz eta hausnarketa jarraia ezinbestekoa da guk nahi dugun moduan garatzen ari den edo ez erabakitzeko.

Abenduak zertara inspiratzen zaitu?