Garbi dago ekintzaile izanik kontuak argi eta egunean emateak buruhauste asko kentzen dizkizula. Hori horrela izan dadin, zure kontuak zuk zeuk kontabiliza ditzakezu, ala, administrazio gai horietan ezagutzarik ez baduzu aholkularitza bat kontrata zenezake. Nola aukeratu ongi?
Ekitean kostuak ahalik eta gehien murriztu behar izaten dira, nahiko kostu sortzen baititu jarduerak berak abiatzeko behar dituen baliabide eta inbertsioekin. Hala ere, administrazio gaietan adituak ez zaretenei, administrazio aholkularitza kontratatzea gomendatzen dizuegu. Izan ere, oso ohiko da galdera pila bat izatea ogasuna, zergak, gizarte segurantza eta fakturazioaren inguruan, eta galduta sentitzea fiskalitate eta administrazio gai horietan.
Horregatik, administrazio aholkularitza on bat zer den balora dezazuen irizpide batzuk aurkezten dizkizuegu:
- Kokapena: zuregandik gertu kokatuta egotea gomendatzen dugu elkartu behar zaretenean desplazamendu handiak ez egiteko.
- Hizkuntza: euskaraz eskaintzen duten aholkulari asko daude (BAI euskarari ziurtagiria dutenen artean egin zenezake bilaketa).
- Tratua: gertuko harremana, jatorra eta gardena izatea da aholkulari bati eska diezaiokezun baldintza nagusia. Administrazio gaiak arrotzak izaten direnez, ongi azalduko dizkizun pertsona ondoan izatea babes handia baita.
- Jarraipena: zure hiruhileko gastu eta sarrerak jasotzeaz gain, jarraipen polit bat egiten dizun aholkularia lagun ona bilakatzen da (gomendioak ematen dizkizu urtea nola itxi adierazteko, baita izan dituzun galera ala irabazien kudeaketa nola egin adierazteko, etab.)
Irizpide propioak ezar ditzakezu aholkulari bati eskatzen dizkiozun baldintzekin. Lan horretan laguntzeko, galdetegi bat sortu dugu. Dagoeneko aholkularitza batekin elkarlanean bazabiltza, balora ezazu eskaintzen dizun zerbitzua. Eta emaitzaren arabera erabaki ahal izango duzu berekin aurrera jarraitu ala aholkulariz aldatu.