This post has already been read 37 times!

Autozainketa hitza ziur askotan entzun duzula azkenaldian, eta are gehiago, Covid-19ak eragin duen konfinamendu honetan. Autozainketa garrantzitsua da, baina, ondo egiten al dugu?

Azkenaldian askotan entzun dugu autozainketaren garrantzia, norberak bere denbora izatearen beharra, etab. Argi dago hori ezinbestekoa dela, baina, ez gara era indibidualean bizi, familia dugu, lagunak… eta gu eurek zaintzea gustuko dugun bezala, guk ere besteak zaintzea autozainketako modu bat da.

Hau da, denbora tarte batean guretzat denborarik ez badugu, asaldatu egiten gara eta gure tartea erreklamatzen dugu, hori delako osasuntsu egoteko modu bakarra eta hori delako sare sozialetan irakurtzen eta ikusten duguna. Baina, autozainketa modu bat ez al da elkarrekin egonda ere, gure espazio eta denboraz ditugun kontzeptuak aldatu eta beste era batera ulertzea? Hau da, autozainketa ez da zertan izan behar 2 ordu ezer ez egiteko izatea edota ileapaindegira joatea. Norberarentzat gauza desberdinak izan daitezke autozainketa eta hori ikusarazi behar dugu, bestela badirudi sare sozialetan hainbeste ikusten ditugun autozainketa modu horiek egiten ez baditugu, ez garela zaintzen ari.

Autozainketa zer da zuretzat?

Gauza bera gertatu da itxialdi honetan. Denak etxean egon behar gara eta badirudi denak bihurtu garela kirolari eta sukaldari. Eta hori, nolatan? Berez hain desberdinak bagara elkarren artean, zergatik ez zaizkigu beste gauza batzuk bururatu. Azken finean etxean sukaldatu eta kirola egiteaz gain, beste gauza ugari ere egin ditzakegu. Batek diona besteak ere egin nahi duelako gertatzen da hori eta horrek asko eragiten digu, nahiz eta kanpora begira esan besteek diotena ez zaigula axola eta gu bakarrak eta originalak garela. Argi dago izaki sozialak garela eta elkar eragiten diogula, baina, batzuetan pixka bat gelditu eta benetan norberari ondo zerk egiten dion pentsatzea ere garrantzitsua da. Zuretzat zer da autozainketa? Nola egin duzu zure proiektuan lan egin, zure etxeko egoera -edozein izanik ere- aurrera eraman eta zeure burua zaintzeko?

Minimo batzuk bete behar ditugu geure burua zaintzeko, hori hala da. Fisikoki eta mentalki zaindu behar gara, norberak ahal eta dakien moduan, baina garrantzitsua da. Baina, horretaz gain, egoeretara moldatzen jakitea ere garrantzitsua da eta horrek definizioak aldatu eta autozainketa beste era batera ulertzera eramaten bagaitu, ba halaxe izango da. Bizitzako etapa guztiak desberdinak dira eta autozaintzeko moduak ere aldatuz joango dira.

Autozainketa