Estrategia helburuak lortzeko moduak aztertzea da. Hori da bere esanahia. Baina, ekintzaileok eskaintzen diogu nahikoa denbora gure jardueraren estrategia pentsatu eta ezartzeari?
Esan daiteke, ikuspegi estrategikoa lantzeak, eta horri denbora eskaintzeak, jarduera ekonomikoa sendotzen laguntzen duela epe luzean. Zergatik? Aurrez pentsatzen dugulako nora joan nahi dugun: zein noranzko hartu nahi dugun, zein bide berri ireki, zein bide itxi, etab.
Garrantzitsua de jardueraren estrategia finkatzea, eta martxan jartzea. Beraz, gure plan estrategikoa osatu behar dugu eta gure egitekoetan txertatu.
Nola sortzen da plan estrategiko bat?
Lehenik eta behin, urte hasieran tarte bat eskaini behar zaio urtea aztertzeari. Eta atal ezberdinen arabera egin behar da azterketa hori:
- Nola sentitzen naiz orain arte egin dudanarekin?
- Zein lan motak egiten nau pozik?
- Zein lan motak ematen dit diru gehien?
- Zein lan motari eskaini behar diot denbora gehien aurrera ateratzeko?
- Zein bezero mota ditut?
Azterketa txiki hori eginda, egungo egoera zein den irudikatuko dugu. Nahi izanez gero, galdera horien emaitzak orri batean idatziko ditugu. Garrantzitsuena erantzunetan hausnartzeari denbora eskaintze da.
Egoera zein den aztertuta, hurrengo urratsen gainean pentsatu behar dugu:
- Ez banaiz guztiz ongi sentitzen orain arte emandako urrats batzuekin, zer egin dezaket hori aldatzeko?
- Pozik egiten nauten lanak ekonomikoki ere indartsuak egin ditzaket? Nola sustatu ditzaket pozik egiten nauten lanak ugaritzea?
- Identifikatu baldin badut orain artean zein lan motak ematen didan diru gehien, gustukoa badut, nola indartu dezaket alor hau?
- Zein lan mota ez da bideragarria? Hau da, denbora gehiegi eskaini behar diodana eta ekonomikoki ez dena errentagarria? Kasu horietan, gainera, ez bada nire lan mota gustukoenen artean sartzen, beste lan batzuengatik ordezkatu ditzaket multzo honetakoak. Bilatu bide berriak: zein proiektu berri egin dezaket?
- Bezeroak ongi ezagutzen ditut, eta kontziente naiz bezero mota bati ezin diodala lana eskaini ez delako bideragarria. Beraz, bideragarria den bezeroa bilatzeari denbora eskainiko diot.
Ideia berriei denbora dedikatu ondoren, irtenbide finkoak pentsatu behar dira orain. Heldu da, helburu eta ekintza konkretuak denbora lerro batean finkatzeko garaia. Plangintza osatu behar da.
Nola zehaztu plangintza bat?
Azterketa egin dugu lehenik, azterketako ahulguneak indargune bilakatzeko ideiak pentsatu ditugu, eta orain, ideia horiek helburu eta ekintzetan bilakatu behar ditugu.
Urtea lau hiruhilekotan zatitzen badugu, horrela zehaztu ditzakegu helburu nagusiak:
- hiruhilekoan: Bezero berriak lortzeko sustapena egingo dugu, gure jardueraren berri interneten eta fisikoki emateko komunikazio kanalak sortu eta hobetuko ditugu, errentagarritasuna ematen diguten produktu eta zerbitzuak landuko ditugu, harremanak landuko ditugu interesa eduki dezaketen bezero-multzo berriekin, etab.
- hiruhilekoan: Ekintzak garatuko ditugu. Izan daitezke: bezero berriei deiak egitea, bilerak egitea, sare sozialetako estrategia martxan jartzea…
- hiruhilekoan: Ekintzak garatuko ditugu. Izan daitezke: aurrekoak + kanpaina konkretu bat egitea, proiektu konkretu bat aurkeztea elkarlanean egiteko beste ekintzaile bati…
- hiruhilekoan: Ekintzak garatuko ditugu eta urtearen balorazioa egingo dugu. Hurrengo urterako ideiak bilduko ditugu.
Beti aurrera egin behar da, baina, jarduera errentagarria dela baloratzen badugu. Izan ere, zein dira jarduera errentagarri egiten duten faktoreak? Hori hurrengo hilabeteko postean azalduko dugu.
Bitartean, Estrategian pentsatzera gonbidatzen zaitugu 😉