This post has already been read 76 times!

Inguruan ditugun ekintzaileei kolaboratzeko eskaria luzatu diegunean, prest egon dira beren egunerokoaz Ekionen hitz egiteko. Era honetan gure ikuspegiaz gain, beste lan eremu, egoera eta herrietako ekintzaileen hausnarketen berri izango dugu hemendik aurrera. Gaurkoan Nagore Brel-en kolaborazioarekin ikasi eta hausnartzeko aukera izango dugu, mila esker!

Nagore Brel · Manttale

Emakume ekintzaile moduan eta esperientzia propioan oinarriturik, plazer bat da bizipen hauek elkarbanatu ahal izatea.

Urtebetek askorako eman lezake, halaxe izan da nire kasuan behintzat. Denda sortu aurreko prozesua ikasketa izan bazen, dendako pertsiana altxa nuen une beretik irakaspen berri ugariren baitan murgildu naiz, bai maila profesionalean zein pertsonalean ere (akatsa izango litzake denda sortu eta dena egina dagoela pentsatzea).

Gogoratzen dut pertsiana altxa nuen lehen eguna: bakarrik nengoen, inork ezagutzen ez ninduen herri batean, arrotz sentitzen nintzen. Denda fisikoaz gain, beste guztia ere zerotik eraikitzen hasi beharra neukan -merkatuaren ezagutza, herriaren funtzionamendua, bezeroak, etab.-.

Urtebeteko ibilbide honetan hitz bat nabarmendu beharko banu “eraiki” hitza litzake.

Prozesuan ikasi dudana

Prozesu honetan oso garrantzitsua izan da Tolosako bizitzan integratzea, dendako bezeroekin salerosketa soil bat baino haratago doan harremana eraikitzea, publikoaren eskakizunen araberako eskaintza egokia egitea, denda zein bertan eskaintzen dudan zerbitzua egokitzen joatea, produktuaren jakintzan eta oinen zaintzan trebatzea, etab. Bezeroa entzun eta bilatzen duen horren baitan, kalitatezko zerbitzua eskaintzea, alegia.

Bide honetan ez nuke aipatu gabe utzi nahi ze garrantzitsua izaten ari den beste komertzioetako dendariekin sortutako harremana. Emakume zoragarriak ezagutzeko aukera izan dut: duela gutxi ekin duten emakumeak, denda ireki zutenetik 21. urteurrena ospatzera iritsi direnak, jubilatzeraino bertan mantendu direnak. Guztiek dute zer eskainia eta zer esana. Hasi berrien freskotasuna, urtetako esperientzidunen bizipen zein gomendioak, asko irakatsi didaten emakume ausartak denak. Ausartak diot eta ozen, gainera, ausardia behar baita komertzio txiki bat irekitzeko digitalizazioaren garaian. Ausardia eta lana urtez urte bizirauteko.

Esperientzia trukea aberasgarria dela iruditzen zait. Ekintzailea zarenean, egoera desberdin ugarirekin topo egiten duzu, ezezagunak horietako asko.

Nik bakarrik ekiteko hautua egin nuen, ondorioz, hartzen ditudan erabaki zuzen edota zeharkakoen zama eta ardura nigan soilik geratzen da, horrek dituen alde on eta txarrekin.

Nire kasuan erlatibizatzen ikastea oinarrizkoa izan da. Hasi berriak garenean (nire kasuan behintzat), ezjakintasunaren ondorioz, hartzen nituen erabakiak egokiak ziren zalantzan jartzen bainuen etengabe. Komertzio txiki baten jardueran egun motelelekin topatuko gara eta baita garaiekin ere, baina, horietan gure lan egiteko modua hausnartzeaz gain, kanpo faktoreak aztertu eta horiei aurre egiteko moduak pentsatzea ezinbestekoa da.

Testuingurua

Bide horretan beste dendariekin mantentzen dudan harremana tresna garrantzitsua izan da. Harreman horien ondorioz jabetu naiz egun zein garai motelak besteek ere bizitzen dituztela, ez naizela bakarra, denboraldiak daudela.

Egoera aztertu beharra dago: herrian komertzio txikiak bizi duen egoera orokorra, eskaintzen dugun zerbitzua, beste komertzioen eskaintza, eta nire kasuan baita egiten duen eguraldia ere. Faktore asko dira kontuan izan beharrezkoak.

Komertzio txikiak dedikazio handia behar du, are gehiago pertsona bakarra izanik. Nire burua zaintzen ikasi behar izan dut: lana eta aisia bereizten ikastea ezinbestekoa izan da prozesu honetan. Lehen hilabetetan nire negoziorako bakarrik nuen burua, horretarako bakarrik bizi izan naiz, denbora batez eta horrek nire bizitzako beste arlo batzuk alboratzera eraman nau. Denborak aurrera egin ahala, desgaste emozional zein fisikoa pairatzeko arriskua dakar jarrera horrek eta hori saihesteko modua nire burua zaintzen ikastea izan da. Denbora hartzea, geure buruak zaintzea da, eta ondorioz, gure negozioa zaintzea -askotan hala ulertzen ez dugun arren-. Gu ondo baldin bagaude, negozioa ondo joango da eta era egokian erantzungo diegu oztopo eta zalantzei; gaizki egonez gero, egingo ez duguna.

Azken finean lana, lana da beti, baina nik nere lanbidean momentu petralak izan arren, momentu politt ugari bizitzeko aukera izan dut nire proiektuarekin!

Nagoreri Ekintzaileak atalean Manttaleren inguruan egin genion elkarrizketa ikusi eta entzun nahi baduzu, hemen duzu aukera!

Beti dago zer ikasi