This post has already been read 96 times!

Emakumeak eta alaitasuna. Badirudi harreman naturala dela, ezta? Baina… hala sentitzen ez garenean, zer?

Emakumeak beti pozik egon behar garela dirudi. Triste edo haserre gaudenean ea hilekoarekin gauden galdetzen digute ingurukoek -gizonek normalean-, beste arrazoirik izan ezin bagenu bezala. Alai egoteko bezainbeste eskubide eta beharra dugu ere triste egoteko eta ez du zertan gure zikloaren unearekin loturarik izan behar. Hau da, pertsonak gara, ondorioz, emozionalak gara. Ezinezkoa da beti pozik eta alai egotea. Baina, gizonezkoetan amorrua adieraztea eta haserretzea normaltasunez ikusten diren bezala, emakumeengan gaizki ikusia dago.

Pozik egon behar gara gure proiektua garatzen ari garelako, pozik haurrak ditugulako edo ez ditugulako, pozik… emakumeak garelako. Ez da justua ezta erreala ere. Askotan entzun ohi dugu emakumeak gure sentimenduak adierazten gizonezkoak baino “hobeak” garela, baina ez da egia. Kontua da sozialki emakumeoi hori irakatsi zaigula eta gizonezkoei ez. Baina, ez digute emozio guztiak azaleratzen uzten; hau da, maitasuna, alaitasuna, zaintzarako gogoa baldin badira emozio horiek, onartuak dira. Bestalde, adierazten ditugun emozioak amorrua, haserrea, alperkeria badira, epaitu egingo gaituzte. Beraz, ez da erreala emakumeok gure sentimenduak adierazteko erraztasuna dugula diotenean; sozialki emakumearekin lotu diren emozioak adierazten ikasi dugu, baina, horiek ez dira egunerokoan sentitzen ditugun emozio guztiak.

Alai eta perfektuak

Emakume “onaren” eta “txarraren” arteko dikotomiaren ondorioa da emozioen adierazpenarekin gertatzen dena ere. Horregatik, gure ekintzailetza proiektuan aurrera goazenean eta beti alai ez gaudenean, Perfektuak izateaz haratago idatzian genion moduan, gaizki sentitzen gara, errudun gutaz espero den hori betetzen ez dugulako. Emakumeek perfektuak izateko karga dugu, ezarria izan dena eta denborarekin geure zamen artean txertatu duguna, jadanik nahikoak izango ez bagenitu bezala. Alaitasunarekin gauza bera gertatzen da. Ohartu behar garena da beste emozio bat gehiago dela, positibo moduan ulertzen duguna, baina beste hainbat sentitzen ditugula egunerokoan; hala nola, tristura, amorrua, etab.

Emozio guztiak beharrezkoak ditugu egunerokoan aurre egin behar diegun egoerei aurre egiteko. Alaitasuna ez da amorrua baino hobea, bi emozio desberdin dira eta bakoitzak bere eragina du gugan. Beraz, ken dezagun beti pozik egon behar izatearen zama gainetik eta goza dezagun egunaz datorkigun moduan! Nahiko lan dugu gure proiektuan aurre egitearekin, beraz, goza ditzagun momentu politak eta saia gaitezen zailak direnak ahalik eta hoberen eramaten, gure momentuak errespetatuz. Ez gara ekintzaile hobeak izango beti alai egoteagatik soilik.

 

Beti pozik, beti alai