Canvas taula oso tresna baliagarria da jarduera ekonomiko baten irudikapena egiteko. Hasieran, ekin nahi den jarduera izango da aztergaia, baina, behin jarduera ekonomikoa abiatu denean, oso interesgarria da sortu nahi dugun bide berri ala proiektu bakoitzeko Canvas eredua betetzea.

Zergatik da Canvas eredua hain garrantzitsua?

Proiektu bat abiatu aurretik bere alde onak, txarrak, eta bideragarritasuna alderdi ezberdinetatik aztertzeko aukera eskaintzen duelako. Taula osorik betetzeak, proiektuan erabat murgiltzea dakar, eta horrez gain, bere ahulgune eta indarguneak identifikatzea.

Askotan proiektuak ez dira planifikatzen eta aurrez patxaraz aztertzen, horrek, nahigabean proiektua geure kontroletik kanpo izatera heldu daiteke; ondo badoa, zenbakiek emango digute aurrera egiteko, baina, lankarga handia izango da aurreikusi gabeko faktore ugari agertuko zaizkigulako; gaizki badoa, ordea, kostuetan ala aurreikusi gabeko ondorio negatiboetan sartuko gara, eta atzera egitea maiz ez da erraza izaten (edota horrek ez du proietuaren amaiera ona adierazten).

Horregatik, oso garrantzitsua da denbora hartzea barne hausnarketarako, Canvas-aren atal bakoitzak kontzientziaz betetzea, eztabaidagai izatea (ez idatzi behin ideiak eta horrekin itsu-itsu aurrera egitea, alegia), aldatu, eraldatu, eta pentsatu txikitik handira.

 

Nola bete modu optimoan Canvas eredua?

Modu optimoa zuretzat eta zure jarduerarentzat onenak izango diren bide eta aukerak pentsatzea da. Horretarako ez da formula bat, baina, bai bide bat: norberak eraiki behar duena.

Guk urrats batzuk emango dizkizugu horretarako:

  1. Izan kritikoa: ez konformatu lauki bakoitzean ideiatxo bat jartzarekin: ideia garatu, joan zaitez azken urratseraino, eta irudikatu ideia hori garatuta; jendearekin elkarbanatzen duzun unea, alegia. Garatu ideia, aldatu, hobetu…
  2. Hausnartu: sartu zaitez hausnarketa prozesu batean, hau ez da karrera bat, benetan pentsatu behar duzu proiektu hori abiatzea onura bat izango dela zuretzat eta zure ingurunearentzat. Nola izan onuragarria alderdi guztietatik begiratuta? Hori zure ideien garapen egokiaren arabera lortuko duzu.
  3. Sinistu: zure ideiak kritikoki garatzen badituzu eta sakon hausnartu ondoren, apustua egin behar duzu horiek abiatzeko, eta zuregan sinistu behar duzu horretarako. Bai, ongi aztertu dituzu alderdi guztiak eta data bat jartzea besterik ez zaizu geratzen proiektuarekin abiatzeko. Aurrera!
  4. Canvas-eredua bakarrik bete daiteke ala taldean. Baina, kontuan izan, Canvas-aren atal batek sarea adierazten duela: hori izango da proiektu ororen indargune nagusi bat. Lortu zure sarea: hornitzaileak, laguntzaileak, bezeroak, lagunak… sortu zure sare propioa eta horrela, ez zara bakarrik abiatuko bidaia berri honetan!

 

Canvas: negozio eredua baino gehiago?

Bai, Canvas eredua proiektuak estrategikoki garatzeko tresna da. Eta estrategiazko ikuspegia beharrezkoa du proiektu orok tinko aurrera egin nahi bada. Baina, gogoan izan: Canvas eredua beti da moldagarria eta eraldagarria. Horregatik, aurten proiektu bat abiatzeko erabiltzen baduzu, hurrengo urtean proiektu hori hobetzeko ere Canvas eredua eralda dezakezu: txertatu bertan izan dituzun aurreikusi gabeko faktore on eta txarrak, indargune eta ahulguneak, sarea osatzean lortu dituzun bidaideak eta lortu ez dituzunak, etab.

Urtez urte datu errealak txertatu eta hurrengo urterako aurreikuspenak irudikatu. Honek beti lagunduko dizu hankak lurrean izaten, eta errealitatean oinarritzen. Baina, era berean, hurrengo eskailerara igotzen joango zara, gauza berriak probatu ezean ezingo baitituzu ate berriak ireki.

Eta jarraitu hausnartzen, pentsatzen eta ametsak egi bihurtzen! 

 

Canvas eredua: norberaren canvas optimoaren bila