This post has already been read 46 times!

Canvas eredua, zer da? Zertarako bete behar da? Canvasa gure ideiaren gainean hausnartzeko tresna bat da. Hau betetzeak gure proiektuak dituen arrisku eta aukerak era laburrean eta dokumentu bakarrean ikusten laguntzen digu.

Bideragarritasun plana idazten hasi aurretik (eta bertan eskatzen diren xehetasunak azaltzen) Canvas azterketa bat egitea garrantzitsua da, izan ere, horrela gure jarduera garatzeko noranzkoa errazago eta arinago definituko dugu.

Zerbait martxan jarri aurretik, beraz, ditugun helburu, inpaktu, baliabide, gastu, etab. aztertu eta lantzea beharrezkoa da eta erreminta honek hori guztia batera ikusten lagunduko digu.

(Deskarga ezazu Canvas eredua pdf formatuan hemen)

Zein onura dakartza Canvas eredua erabiltzeak?

  • Canvasa oso tresna praktikoa eta bisuala da. Hausnarketak dirauen artean edozein aldaketa erraz egiteko aukera ematen du: jardueraren bideragarritasuna jokoan jartzen duten aukerak probatzen joan zaitezke, eta bakoitzaren egokitasuna neurtzen.
  • Oso taula argia eta ulerterraza da. Bertan idazteko aukera daukazu, baina, beste erabilera bat post-itak pegatuz erabiltzea da.
  • Ikuspegi globala ematen dizu, jarduera modu estrategiko batean aztertzeko. Begiratu bakarrean zure jardueraren alor garrantzitsuenak aztertuko dituzu.
  • Atal guztiek osatuko dute zure jarduera, baina, baliteke zenbait urrun sentitzea orain artean. Metodologia honen bitartez, atal bakoitza ongi ezagutzea lortuko duzu. Hau da, behin eta berriz aztertzea, pentsatzen dituzun aukeren gainean hausnartzea, ideiak garatzea… atal bakoitzean zein posizio duzun neurtzea ekarriko dizu.

Dokumentua jaitsi ostean, zalantzak datoz… “zer erantzun behar dut hemen?”,”Honek zer esan nahi du?”… Hurrengo postean, atal bakoitza bete ahal izateko zeure buruari egin beharreko galderak dituzu, erraz bete dezazun Canvasa eta zure proiektuak dituen helburu, aukera eta arriskuak lantzen joan zaitezen.

Gogoratu: taula betetze hutsak ez dizu onura handiegirik ekarriko. Hausnartu, probatu aukera ezberdinak, denbora bat utzi bete ostean, berriz ere heldu taulako atal bakoitzari, aldatu, osatu… Canvasa taula bat baina gehiago metodologia bat baita. Zure ideia garatzen lagunduko dizun metodologia, alegia.

Behin Canvasa definituta, bideragarritasun plana betetzeko prest izango zara.

 

Canvas eredua: gure ideia sendotzeko metodologia