Denboraren kudeaketa optimoa

Zerbaitek pentsarazten dizu egunak ematen dizkigun orduak modu optimoagoan aprobetxa zenitzazkeela? Denbora gehiegi dedikatzen diezula zeregin batzuri? Lanak zure aisialdirako denbora lapurtzen dizula? Proiektu batzuk aurreikusi gabeko ordu kopuru handiagoa eskatzen dutela?

Denboraren kudeaketa optimoa egitea beharrezkoa zaigu egunak bere helburuak bete ditzan. Erraza da esaten, baina, nondik hasi? Lehenengo puntua antolaketa da.

Denboraren kudeaketa optimorako antolaketa:

  1. Antolatu lan-astea eta egun bakoitza. Hartu agenda bat (digitala ala fisikoa) eta asteko ikuspegiarekin kokatu zaitez. Zenbat lan-egun egiten dituzu lan? Egun bakoitzean bete beharreko helburu nagusiak idatzi. Egun bakoitzean, seguru, zeregin txiki edo handiago batzuk egin behar direla: guztiak idatzi. Baina, epe motzeko zeregin horietaz gain, epe ertain eta luzekoei ere tarte bat eskaini. Adibidez, lan komertziala egiteko baliabideak pentsatzeari (zer eskainiko diozun, zeini eta nola); edota zure proiektu ala ideiak garatzeko egon daitezken diru laguntzak begiratzeari; edota zure bulegoa apaintzeko, goxatzeko edo ordenatzeko beharrezkoak dituzun materialak begiratzeari… ohikotasunean egiten ez diren zeregin horiek, alegia.
  2. Astea eta egunak idatzita dituzunean, osatzen joan informazioa. Hau da, egunero suertatuko zaizkizu aldaketak egin beharra egiten zabiltzan lanean, edota lan berrietarako eskaerak sartzen zaizkizula, edota nonbait zure berri eman nahi duzula… kasu horretan, aste horretan eta hurrengoetan zein zeregin berri egin behar dituzun idatzi zehatz mehatz. Lan berri baten eskaera sartzen bazaizu, zeregin anitzak apuntatu beharko dituzu: aurrekontua egin, materialak bildu, inspirazio ala hastapen faseari ordu batzuk dedikatu, lanaren garapena egiteko beharrezkoak diren baliabideak lortu, garatu, entregatzeko moduak pentsatu eta garatu, entrega ondorengo zerbitzua eskaini… Hornitzaileekin harremana baduzu zure lana garatzeko, haiei noiz bidali zure lanak ere apuntatu beharko duzu, eta haiek zein epemuga duten ere zehaztu. Jarraipena egin diezaiozun prozesu guztiari.
  3. Guztia apuntatuta baduzu, ez zara galduta sentituko. Egunero lanera sartzen zarenean, eguneko egutegian edukiko duzu apuntatuta egun horretan egitea garrantzitsua dena. Noski, beti egongo dira presazko gaiak, egunean bertan sartzen direnak eta soluzio bat eman behar zaienak. Egin, baina, besteak ez alboratu. Goizetan, lanean hastean egutegiari begirada bat bota eta berehala kokatuko zara; ez duzu denbora galduko kokapen horretan. Eta lanaren amaieran, berriz, eskeini 15 minutu egunaren balorazioa egiteari. Markatu berdez egin dituzun zereginak, eta egin ez dituzunak pasa hurrengo egunetara.
  4. Emailarekin ez galdu denbora. Emailak ere orden bat eduki behar du. Karpetak gorde proiektuka, bezeroka ala zure lanak eskatzen dizun modura. Baina, ordenatuta eduki email guztiak. Sarrerako ontzian soilik soluzionatu gabeko emailak eduki; beste guztiak, dagoeneko eginak daudenak bakoitza bere karpetara bideratu. Zure lana ez bada bereziki bezeroen arreta zerbitzu bat edo horrelako antza duena, emaila goizean goiz, eta eguerdian irekitzearekin nahikoa da. Hau da, goizeko ordu trinkoenak zure kontzentrazioa eskatzen duten lanetarako gorde. Ez despistatu momentuko eskaera ala email batekin. Eguerdian erantzungo dituzu goizean zehar jasotzen dituzun email guztiak.

Antolaketa erraztuko dizkizuen tresnak:

Baliabideak atalean tresna pila bat dituzu deskargatzeko, bai helburuak finkatzeko momenturako, baita urteko plangintza egiteko ere. Garrantzitsua da urtean behin denbora hartzea epe luzeko pentsamenduak garatzeko, eta apuntatzeko. Horrek, urtearen perspektiba emango dizu, eta kokatzen joan zure agendan epe luzeko helburu horien zeregin zatikatuak.

Urteko plangintzako helburuetako bat izan daiteke IKT tresnak ikastearena. IKT tresnek eguneroko antolaketan eta eraginkortasuna lortzen asko laguntzen dute. Behatu ezazu zein tresna izan daitezkeen zuretzat egokiak eta egin ikastaro laburrak, ala probatuz ikasi erabiltzen.

 

Zure denboraren kontrola duzunean eta finkatutako helburuak betetzen dituzunean, askatasun eta poztasun sentsazioak gailentzen zaitu. Saiatu eta lortuko duzu!!

Nola aprobetxatu denbora?