Oporrez jarduten dugunean askok gehiegi eskatzen dugula esaten digute: ekintzailea izanik oporrak har ditzakezu? Deskantsuaren beharra aldarrikatzen dugu.

 

Ekintzaile garenok, autonomoek, alegia, lanik egiten ez badugu, ez dugu kobratzen. Hori denok dakigu, eta hala da. Baina, ekintzaileak pertsonak gara, gainontzeko langileak bezala, eta deskantsu beharra dugu.

Ziurrenik bezeroen arabera hartu beharko dituzu oporrak zure proiektua martxan jartzen duzunean. Guk hala egin dugu. Lan egiten duzun lan eremuak markatuko dizkizu lan gehien sartzen diren aste edota hilabeteak zeintzuk diren eta lasaien daudenak. Beraz, zure bezero, hornitzaile eta bestelakoak oporretan daudenean zuk lanik egin ezin baduzu, zertarako egongo zara lanean? Egia da beti dagoela zerbait egiteko eta ziurrenik egun horietan ere zerbait aurreratzeko aukera izango zenukela. Baina… buruak eta gorputzak deskantsua behar dute eta tartea aukeratzekotan, hobe gainontzekoak ere oporretan daudenean hartzea, ezta?

Deskantsuaren beharra aldarrikatzea

Hasieran ez da erraza, beldurra duzulako oporretara joanez gero lanen bat galduko ote duzun; eta, ekintzaile garenok badakigu zer den hori. Inork ez du lanik galdu nahi, are gutxiago hasten ari zarenean eta xoxak ere eskasak direnean. Kontua ez da hilabete osoa edo bi hilabete hartzea, baina aste bat edo bi ixteak zure burua lasaitu eta gorputza erlaxatzeko beharrezkoa da. Ziurrenik guztiz deskonektatzea zaila egingo zaizu, baina, lortuko duzu. Hori ere ikasi egiten da denborarekin 😉

Gu, adibidez, uztailera mentalki leher eginda iristen gara. Gure lanak sormen handia eskatzen du eta hori igertzen da. Abuztuan oporrak hartu eta irailean lanera bueltatzen garenean energiaz beteta itzultzen gara, lanerako gogoz eta uztailean sortzen eta okurritzen ez zitzaizkigun ideia eta argitasun mentalarekin.

Zaila da deskantsatzea ekintzaile zarenean eta beharbada oporrak hartzeak esan nahi du hilabete horretan ez duzula kobratuko, baina, ziurrenik lanean egonda ere ez duzu lan gehiagorik izango eta zu ez zara indarberrituko datorrenari aurre egiteko.

Norberak ikusi behar du bere lan eta egoeraren arabera nola antolatu, baina, urtean zehar opor egun batzuk hartu, mesedez! Zure osasunak eskertuko du eta baita zure proiektuak ere.

Ez gara gu hori diogun bakarrak. Hemen klik eginez gero, Psicología y Mente webgunean argitaratutako posta irakur dezakezue, hain zuzen ere, oporren beharraz.

Deskantsuaren premia