Ekionen eskainitako tarte honen aurreko sarreratxoan zaintza eta lanak espazioa partekatzen dutenean eraginkorrago izateko gakoez aritu nintzen; gaur ere haur txikien zaintza eta lanaren arteko oreka horren beste hari-mutur bat landuko dut.

Nahia Alkorta Elezgarai ยท Sabeletik Mundura.

Edoskitzaroa da haurra txikia den bitartean eta erabat “esne-aroa” utzi arteko aldia. Aro horri definizio desberdinak eman zaizkio: esnea ez beste elikagai batzuk jaten hasi arteko aroa, bi urte inguru arteko aroa edo “esnezko” hortzak deritzonak erori arteko aroa. Hauetariko edozein arori erreparatuz gero haurrak txikiak diren aroez ari garela ohartuko gara, eta txiki edo gazte izate horrek ezaugarri desberdinak ditu baina oinarrizkoetako bat da dependentzia; bizirauteko heldu bat edo gehiagoren beharra.

Jaiotzetik eta urtebete ingurura arte haurren elikadura beharrak helduen ikuspegitik apur bat “desordenatuak” suertatzen dira: haurrek elikadura ia etengabea behar dute (batez ere jaio-osteko lehen hilabeteetan) eta horrek zaintza eta bizitzako beste arloen arteko oreka zaildu dezake. Batez ere esnez soilik elikatzen ari den haur batek, esne hori eskainiko dion heldua behar du haurrak gosea, egarria edo kontaktu beharra behar duen aldiro. Edoskitzea (batik bat bularretik zuzenean esnea hartzen duten haurrentzat) elikadura baina askoz gehiago eskaintzen duen unea baita: kontaktua, begiradak, goxotasuna… atxikimendu eta segurtasun une bat.

Edoskitzaroa eta lana uztartzeko gakoak

Hortaz, edoskitzaroa eta lana uztartzeko gako praktiko batzuk gaur:

  • Haurraren beharrak primarioak eta fisiologikoak direla ulertzea garrantzitsua da. Ez da kapritxoa, ez da adarra jotzen ari eta batez ere, azkar igaroko den aroa da.
  • Haurraren adina, lan mota eta haurraren zaintzaren ardura izango duten helduen egoera aztertuz familia horrentzat eta une horretarako egokia den plangintza antolatu behar da. Akaso, lehenago balio izan zizunak orain ez du balio edo lagun batentzat eraginkorra izan zen sistema ez da zuentzat egokia.
  • Saia zaitez identifikatzen zein diren haurrak gehiagotan elikatzea eskatzen duen uneak eta zure lanak aukera hori eskaintzen badizu, moldatu zure lan ordutegiak horren arabera.
  • Haurra zurekin egongo bada eta zure lanak uzten badizu, eskatu ahala asetu kontaktu eta elikadura beharrak. Horrek estres egoerak murriztuko ditu.
  • Zure esneaz elikatzen bada eta beste baten ardurapean egongo bada haurra, aukera desberdinak dituzu: elikatzea behar duenean, haurra zuregana eramaterik balute aukera bat litzake, bestela zure esnea edo formula esnea eskain diezaiokete zu ez zauden bitartean. Ez larritu ez zauden bitartean gehiegi jaten ez badu, ohikoa da hasieran eta ordu gehiegi ez badira, haurrak ondoren konpentsatuko du.
  • Aztertu edoskitzerako orduak edo edoskitzean eragina izan dezaken lan arriskutsua izateagatik baimenik edo laguntzarik ba ote dagokizun.
  • Zure esnea eskaintzen badiozu eta bularrak beteta edo deseroso sentitzen badituzu, har ezazu lanean tartetxo bat bularrak arindu eta esne apur bat ateratzeko. Eskuz edo esnea ateratzeko gailuen bidez egin dezakezu.

Esne beharra gutxituz joango da haurra hazi ahala eta beste elikagaiengatik aldatuko dira esne hartualdiak. Lehen urtean zehar ama esnea edo urtebete azpikoentzat espezifikoa den formula esnea eskaintzea gomendatzen da eskatu ahala. Urtebetez gorako formula esneak ez dira beharrezkoak, ama esnea edo beste ugaztun baten esnea (ohikoena behi esnea izaten da) eskaintzen jarraitzea gomendatzen da.

Lasaitasuna helaraztearen garrantzia

Ez ahaztu bularretik edo biberoitik esnea eskaintzen ari zarenean gauza gehiago ere eskaintzen ari zarela, garrantzitsua da esne-hartualdi horietan lasaitasuna mantentzea.

Bularra eskaintzea erabaki baduzu, gogoratu: ez du minik eman behar, mina baduzu zoaz emaginarengana, edoskitze aholkulari batengana edo edoskitze talde batera, bertan edoskitzeaz gozatzen lagun diezazukete.

Biberoia edo edoskitze mistoa hautatu badituzu hemen zenbait gauza garrantzitsu.

Edoskitzaroa eta lana uztartzeko gako praktikoak