Egutegia egunerokoa antolatzeko lagungarria den arren, estresatu ere egin gaitzake, ezta?

Egutegia oso lagungarria egiten zaigu eguneroko laneko eginbeharrak antolatu ahal izateko. Bertan jar ditzakegu guk egin beharreko lan desberdinak, hornitzaile edo bezeroengandik jaso beharreko erantzun edo egitekoak, hilero errepikatzen diren ekintzak, etab.

Gainera, gaur egun, fisikoki lor ditzakegun egutegiez gain, mugikorretan ere baditugu egutegiak eta bizitza pertsonalarekin uztartu ahal izateko egunero egitekoen zerrenda era ordenatuan, orduka, jartzeko aukera izaten dugu.

Egutegia nola erabili modu egokian?

Baina… beste baliabideekin gertatu ohi den moduan, erabilera baliagarria izan dadin, era egokian erabili behar dugu. Agendarekin gertatu ohi den bezala, agenda zoragarria eros dezakegu, baina, egunerokoan bertan egitekoak apuntatu eta gerora begiratzen ez baditugu, ez zaigu baliagarria izango. Ohitura bilakatu behar dugu agenda eta egutegien erabilera, bestela, alferrik ari gara.

Oso ohikoa izaten da, hasieran, emozionatuta, egutegian gauza asko apuntatzen hastea eta gero ez egitea… Azkenean, alfertuta, kasurik ere ez egitea. Eta horrek gerora, estresa sortzea. Egiteko asko ikusten ditugu, egiteko gaitasun edo denborarik ez duguna eta azkenean baliagarria izan daitekeen tresna, gure kontra joan daiteke.

Hori gerta ez dadin, garrantzitsua da egutegian apuntatzen ditugun egitekoak errealak eta egingarriak izatea, gure lan erritmoaren arabera jarritakoak izatea eta gure buruak hobeto antolatzeko aitzakia izan dadila egutegiaren erabilera, eta ez gu arrazoirik gabe estresatzeko tresna.

Errealistak izan behar gara

Horretarako, lehendabizi, gure buruekin zintzoak eta errealistak izan behar gara eta ondo pentsatu gure proiektuaren egunerokoan zein egiteko ditugun datorren astera begira egin beharrekoak, zer egiteko gaitasuna dugun, zer jasoko dugun hornitzaile eta bezeroengandik… Hau da, tarte bat hartzea komeni da aste hasieran edo amaieran datozen egunak era errealean antolatzeko. Gerora, denok dakigu espero ez genituen gauzak gerta daitezkeela. Baina, egutegian jarritakoa ikuspegi errealista batekin eginda badago, oso baliagarria izango zaigu.

Kolore desberdinak ere erabil ditzakegu, ditugun egitekoak bistadizo bakarrean nondik nora doazen errazago ikus dezagun. Bilera presentzialak, adibidez, kolore urdinez jar ditzakegu; gure barne egitekoak, morez; proiektuaren diru kontuekin lotutakoak, horiz; kanpo harremanekin lotutako egitekoak, laranjaz…

Egutegiak gure lana era antolatuan egitera bultzatu behar gaitu, horregatik garrantzitsua da orduak ondo kalkulatzea, koloreen bidez lan motak erraz ikusaraztea eta erreala izatea. Horrela egoteak lan egitera animatuko gaitu eta erronkak betetzera, ez estresatzera. 

Hasieran denbora galtzea dirudi egutegia antolatu behar izatea, baina, gerora, automatikoki egingo dugun zerbait da eta lanerako oso baliagarria izango zaiguna.

Egutegia gure lagun nola bilakatu estresatu gabe?