Lan merkatu aldakor honetan, ziur behin baino gehiagotan pentsatu duzula ea ekintzaile izateko zer egin behar duzun, ezta?

 

Erantzunetako bat honakoa izan daiteke: piszinara bota. Ziurrenik ez da espero zenuen erantzuna, ezta? Baina hala da. Ilusioa, ausardia, konfiantza eta bestelako adjektiboak izan ohi dira halakoetan erabiltzen ditugunak, baina, horietakoren batean enkajatzen ez dugula iruditzen bazaigu, ez dugu ekingo. Hau da, ausartak ez garela uste badugu; edota gure proiektuan konfiantza falta dugula uste badugu aurrera egiteko… Beldur eta guzti piszinara botatzea da ekintzaile izateko egin behar den lehen gauza.

Orokorrean, ekintzaileok ekiten dugunean ez dugu gugan konfiantza handia, mila beldur ditugu eta zalantza artean igarotzen ditugu hilabeteak. Ohikoena hori da. Baina, horrek ez du esan nahi ausartu behar ez garenik. Beraz, hasiera hau eta gero, ekintzaile izateko behar ditugun puntu gehigarriez ere hitz egingo dugu.

Zuk zer uste duzu behar duela pertsona batek ekintzaile izateko?

  • Proiektu bat. Ebidentea dirudien arren, lan handia suposatzen duen zerbait da. Hau da, ez da nahikoa ideia interesgarri bat izatea, ideia hori garatu behar da, inguruan dagoenarekin alderatu, egon daitezkeen aukerak landu, etab. Proiektu osatu behar izan behar da esku artean aurrera egin ahal izateko.
  • Ilusioa. Ilusiorik gabe, ibilbide laburra izango du ekintzaileak. Ekintzailetza bide zaila da, oztopo ugari daude eta baita gora behera emozional eta ekonomikoak ere; hori dela eta, ilusioa izatea ezinbestekoa da aurrera egin ahal izateko. Topikoa iruditzen bazaizue, ulergarria da; baina, hala da.
  • Sarea. Familia eta lagunen sarea ezinbestekoa izango da hasieran. Bai emozionalki sostengatzeko eta baita ahal denean lagundu ahal izateko ere: lagunen batek webgunea sortzen lagun diezazuke, besteak bideragarritasun plana osatzen, ideiak ematen, etab. Horretaz gain, ekintzaileen sareren batean egotea ere oso lagungarria da babestua sentitu eta bai oztopo eta baita erraztasunak ere partekatu ahal izateko.
  • Dirua. Proiektu motaren arabera diru gehiago edo gutxiago beharko da, baina, gutxi bada ere, beharrezkoa da. Argi dago hasieran ahalik eta gutxien gastatzen saiatuko garela, proiektuak aurrera egin dezakeen edo ez ikusi arte, baina, proiektu motaren arabera, inbertsioa hasieran egiteko beharra egongo da. Hau da, ez da gauza bera etxetik ordenagailuarekin egin dezakegun lanarekin proiektua sortzea edo denda fisiko bat behar duen proiektua izatea, adibidez.
  • Gogoa. Gure proiektuan sinistu behar dugu eta aurrera egiteko gogoa izan, datorkiguna ez da erraza izango-eta! 😉

Aipatutakoetatik haratago ere, ziur zuri beste hainbat puntu bururatzen zaizkizula, ezta? Zeintzuk?

Ekintzaile izatea erraza ez dela askotan esan dugu, baina aberasgarria ere bada eta erronka ugariri aurre egin beharrak asko ikastera garamatza. Baina, beharbada ez da guretzat momentu egokia horretarako edo izaeraz ez gara horrelakoak eta hori ere ondo dago. Norberak ikus dezala ekin nahi duen edo ez, edota une horretan ahal duen edo ez. Beldurrak ez zaitzala geldi, baina zuk nahi duzuna izan dadila 😉

Ekintzaile izateko zer egin behar dut?