Ekintzailetzaren bidea ekiten dugunean pentsatzen dugu gure bidea beti bera izango dela, baina, gora-behera ugari dituen bidea izateaz gain, garapen profesionala bermatuko duena ere izatea nahi genuke, ezta? Ekintzaile izatetik enpresari izateko bidea desberdina izango da ekintzailearen arabera.

Ekintzaile izatetik enpresari izateko bidean pentsatzeko era da aldatu behar dugun lehen gauza. Hau da, ekintzaile izatetik enpresari izatera igarotzeak ez du esan nahi -ez behintzat gure ikuspegitik- enpresa kopuru aldetik handitu behar denik, edota enpresa txiki izatetik nazioarte mailako enpresa bat izatera igaro behar dugunik. Gure proiektua ikusi eta garatzeko moduan dago aldaketako lehen pausoa, eta gerora, beharbada iritsiko dira gainerako pausoak, ala ez.

Ekintzaile izatetik enpresari izatera: garapena

Hasieran, ekiten dugunean, nahiz eta ekiten dugun lan esparrua ziurrenik ezaguna izan; “berriak” sentitzen gara, gure lanean onak garela “demostratu” behar dugu une oro eta horrek gure lan egiteko moduan ere eragina du. Ez gara txikitasunetik haratago joaten gure helburu eta pentsamenduetan ere eta horrek eragin zuzena du gure proiektuaren garapenean. Ekintzaile moduan denbora bat daramagunean lanean, gure lan egiteko/bezeroekin harremantzeko/estrategiak pentsatzeko bideak hobetzen ditugu eta horrek proiektu handiagoak egitera garamatza gehienetan, jende gehiagorengana iristen hasten gara. Ondorioz, beti gu ibili beharrean bezeroei zerbitzu berritzaileak eskaintzen. Une batetik aurrera, lan komertzial horrek ezinbestekoa izaten jarraituko duen arren, bezeroak gure zerbitzuak eskatzen hasiko zaizkigu zuzenean.

Hau da, gure aurreko lana ondo egiten aritu garen seinale izango da hori. Edota, elkarlanerako proposamenak jasotzen ditugunean ere, aurrez egin ditugun bilera ugari horien fruitu dela esan genezake. Beraz, denborarekin gure proiektua ulertzeko modua ere aldatzen hasiko gara, nahi gabe izanik ziurrenik hasieran: hasieran nahiko lan izango dugu gure proiektuak nola aurkeztu asmatzen, gerora gure interesekoak diren bezeroengan jada ezagunak izango garenean.

Beraz, aldaketa horiek ere gugan eragina izan behar dute, gure lan egiteko moduan eta gure proiektua ulertzeko moduan, noski. Ikuspegi aldaketa bat da, gure proiektua sendotzen doanaren seinale izango da. Ez du zertan pertsona baten kontratazioa izan beharrik aldaketa hori. Agian gure diru sarrerek ez dute horretarako ematen edota besterik gabe, ez dugu gure proiektua zentzu horretan handitu. Baina, proiektua sendotzen doan neurrian, gure proiektuarekiko ikuspegia ere zabaltzen joango da. Garapen bat da, hasieran aipatu dugun moduan. Proiektuaren arabera, bide batetik edo bestetik garatuko dena eta edozein modu izango da onuragarria, baldin eta ekintzaileak berak bide hori jorratu nahi badu. Batzuek enpresa handitzeko behar material eta ekonomikoa izango dute garapen horretan, beste batzuek beren kondizioak hobetuko dituzte inbertsio ekonomikoa eginez,etab. Edozein modu izango da egokia, garrantzitsuena ikuspegia garatzen eta moldatzen joatea da.

Ekintzaile izatetik enpresari izatera