This post has already been read 27 times!

Gure esperientzia propiotik abiatuta, eta inguruan ditugun lagun ekintzaileen ibilbideak entzunez, ekintzailearen ziklo emozionala izango dugu gaurkoan hizpide.

 

 

Ezinbestekoa da geure buruak eta emozioak ezagutzea, emozio horiek hartatu eta lortu nahi dugunaren arabera irtenbide bat topatzeko. Sentitzen duguna entzuten jakitea eta horretan erreparatzea ezinbestekoa da gure norabidea zuzentzeko, aldatzeko edo jarraitzeko.

Ziklo emozionala

Jarraian fase desberdinetan sentitzen ditugun emozioez arituko gara:

1. Sormen fasea (ziurgabetasuna-ilusioa): buruan bueltaka dugun ideia gorpuzten hasten garen unea da, ideia hori negozio edo enpresa bilakatzeko izan ditzakegun aukerak garatzen hasten garen momentua, alegia.

Lehen denboraldi honetan galdera eta zalantza ugari sortzen zaizkigu esku artean dugun proiektuaren inguruan. Fase honetan ziurgabetasun, ilusio, ziurtasun eta zalantza uneak nahasten dira.

Aurrera egin nahi dugun edo ez erabakitzeko unea da. Anima zaitez!

2. Merkaturatze fasea (sobredimentsioa-euforia): Esku artean dugun proiektua egingarria dela erabakitzen dugunean, bideragarritasun plana garatzen dugu bere osotasunean.

Fase honetan oso ohikoa da, nahiz eta ikerketa serio eta zehatza egin bideragarritasun plana osatzeko, esku artean dugunarekin emozionatzea eta gure aukerak sobredimentsionatzea.

Aro honetan euforia eta emozioa sentituko ditugu, garatzen ari garenak zentzua duela ikusten dugulako. Ondo dago emozio horiek sentitu eta bizitzea, baina ez dugu Iparra galdu behar.

Baina… ziklo emozionala ez da hemen amaitzen. Oraindik badugu zer ikusi eta ikasia!

3. Desertuko fasea (etsipena): Helburu egingarritzat uste genuen hori betetzen ez dela ikusten dugunean (uste genuena baino lan gutxiago dugulako hasieran, edota bezeroak lortzea pentsatzen genuena baino zailagoa egiten ari zaigulako, besteak beste), etsipena gailentzen da.

Fase honetan ekintzaile askok bertan behera uzten dute hasitako proiektua. Ez da erraza, baina gure proiektuan sinesten badugu, borrokan jarraitzea ezinbestekoa da. Inork ez zigun esan erraza izango zenik 😉

4. Birpentsatzeko fasea (itxaropena): ekintzaileak aurrera egitea erabakitzen badu, proiektua estrategikoki birkokatzeko unea da hau.

Fase honetan helburuak era errealistan egituratu behar ditugu proiektuak aurrera egin dezan ditugun aukera eta mehatxuak kontuan izanik.

Une honetan ekintzaileak itxaropena berreskuratzen du proiektuan.

5. Ereite fasea (ziurtasuna): proiektua era egokian birkokatu ostean konstantzia, esfortzua eta tinkotasunaren fasea dator.

Aro honetan proiektua egituratzen doa progresiboki eta ekintzaileak pixkanaka konfiantza bereganatzen du aurrera egiteko.

6. Bilketa fasea (eskertza): proiektua emaitzak ematen hasten da. Ekintzaileak une honetan aurrez egindako lan guztiaren emaitza ikusi eta gozatu dezake.

Aro honetan poztasuna, harrotasuna eta eskertza dira ekintzaileek sentitzen dituzten emozioak nagusiki. Zorionak egindako lanagatik! Segi horrela!

Ekintzaileak atala

Sarrera honekin lotuta, Ekintzaileak atalean ekintzaile desberdinen bizipenak ikusi eta entzun ahal izango dituzu egin ditugun elkarrizketen emaitza moduan. Gure egoeran dauden beste ekintzaile batzuen berri izatea baliagarria dela iruditzen zaigu, beldur eta zalantza asko partekatuak direlako, motibatzeko modua ere badelako, etab. Beraz, errespeta ezazu zure ziklo emozionala eta aurrera!

Adi egon, Ekintzaileak atala oso interesgarria, gertukoa eta baliagarria izango zaizu-eta.

Ekintzailearen ziklo emozionala