Emekin homologazioa Kalaka

Ekin aurreko fasean ala ekin berritako fasean dauden emakumeentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza propio bat eskaintzen du, Emekin izena duena. Bertan, bideragarritasun plana egiten laguntzeko aholkularitza homologatu bat kontratatzeko aukera ematen da, baina, ekintzaileari haren kostuak diruz laguntzen zaizkio.

Ekion sortu aurretik, ekiteko modu tradizionaletik ezberdintzen zen beste modu bat bilatzen aritu ginen gu. Kalaka kooperatiba elkarte txikia sortzeak, ikuspegi feministak nola txertatu gure eguneroko lanean pentsatzera eraman gintuen. Ez genuen ohiko enpresa bat sortu nahi, gurea baitzen, eta gauzak desberdin egin nahi genituen hasieratik: guretzako denborak errespetatuz, gure buruak baloratuz, gustatzen zaizkigun lanak eginez eta gustatuko litzaizkiguken erronkak bilatuz, besteak beste. 

2015ean ekin genion ekintzailetzaren bideari, eta urtez urte, erronka berri bati erantzun diogu; urtez urte, asko ikasi dugu; eta urtez urte hazi egin gara gure uste eta profesionaltasunean. Orain, guk egindako bidearen berri, beste ekintzaileei emateko beharra sortu zaigu, guk gure formula topatu dugulako, eta aholkuen bitartez Ekion webgunean horietako bakoitza xehetzen dugu. Hala ere, aurten, urrats bat gehiago eman dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekintzailetzako prozesuak laguntzeko aholkularitza homologazioa lortu dugu. Honekin, Emekin zein Txekin diru laguntzetan aurkezten diren emakumeei euren ekiteko bidea erraztea eskaini nahi diegu; bereziki, bizitza erdigunean eta ikuspegi feministarekin abiatu nahi duten horiei.

Bidelaguntza zerbitzuetan hauexe eskaintzen dugu:

  • Bideragarritasun plana egiteko laguntza
  • Enpresa zuzendaritzari eta kudeaketari buruzko aholkularitza
  • Merkaturatzea, marketina eta komunikazioa

 

Ekintzailetza eta autoenplegua:

Gipuzkoako Ekintzailetzaren webgunean, autoenpleguaren atalean, topatuko gaituzu. Orriaren behekaldean homologatutako aholkulari guztion zerrenda dago, eta bertan, bilaketan Kalaka sartuz gero, gure hiru eskaintza horietarako harremanetan jartzeko bideak agertzen dira.

Aurreko estekaz gain, Ekintzailetza atala bera interesgarria da ekintzaile gipuzkoarrentzat. Izan ere, bertan baitaude Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen diru laguntza guztiak bilduta. Begiratu bat ematea gomendatzen dizugu, eta hauxe dela zure momentua uste baduzu, informatu zaitez eta jar zaitez martxan! Bide hori gurekin egin nahiko bazenu, harremanetan jarri eta hitz egingo dugu.

 

Ekintzaileentzako bidelaguntza profesionala