Ekitea ekintza ausarta da. Edonork erabaki dezake ekitea, baina denok ez gaude ibilbidean topa daitezken oztopoei aurre egiteko prest. Izaerak eragin handia du, kanpotik jaso dezakegun laguntza/babesaz gain, noski.
Ekintzaileen ibilbidea gora beheratsua da, harri eta pareta ugari dituen ibilbidea. Batzuek paretari begira geratzea erabakitzen dute, nazkatu eta etsi arte. Beste batzuek ordea, pareta eskalatzeko moduak topatzen dituzte edo zirrikuetatik bidea egiteko erak. Horregatik, izaerak badu zerikusia.
Ekitea erabaki duten pertsonek, gehienetan, beharra dute oinarri: langabezian egonda, lan egiteko beharra edota ideia bat buruan bueltaka izanik, berau martxan jartzeko beharra. Baina, edonola ere, behar bat da; egoera bat aldatzeko beharra.
Hori dela eta, ilusioa ezinbestekoa da. Hasieran, zalantza eta ziurgabetasuna egunerokoan iltzatuta egoten diren unean, aurrera egiten laguntzen duen emozioa da ilusioa.
Ekitea, baina nola?
Hasierako oztopoak igaro ostean, lehen bezeroekin beste hainbat galdera eta beldur izaten dira nagusi: zenbat kobratu lanagatik? Gehiegi izango da? Onartuko al dute? Ondo ari al naiz? Nora jo behar dut orain?
Baina, norberaren ideian/proiektuan sinestuz gero, beti dago argiren bat bide ilunaren amaieran. Proiektuaren aukeretan sinestu behar da eta norberaren baliabide eta gaitasunetan, noski.
Desilusioak, beldurrak, zalantzak nagusi dira hasieran, baina une politak, ideia berriak, aukerak eta norberaren proiektua garatzeak ematen duen pozak ere lekua dute ibilbide luze honetan.
Ekintzaile bakoitzak bere bidea egingo du. Batzuek lanean hasi aurretik bezeroak dituzte, aurreko lanen batetik; beste batzuek zerotik hasten dira proiektu berri batekin; hirugarren batzuk elkarrekin ekitea erabakitzen dute, bakardadearen aurrean lau –sei edo zortzi- begik bik baino aukera gehiago ikusiko dituzten esperantzarekin.
Ekiteko aukeratutako modua edozein izanik ere, norberaren gaitasunak garatzeko moduko proiektua izatea ezinbestekoa da, hasieran beste ezer ez baitago, norberaren gaitasunak baino. Dirurik ez dagoenean, egiten dakiguna soilik dugu aurrera egiteko.