This post has already been read 114 times!

Ekitea erabaki dugu, baina taldea osatu nahi dugu. Nondik hasi? Ze ezaugarri hartu beharko genituzke kontuan?

Proiektu bat duzu buruan bueltaka eta proiektu bilakatzea erabakitzen duzu. Primeran, lehen pausoa eman duzu. Eta hurrengoa, zuk bakarrik emango duzu pausoa edo kiderekin batekin pentsatu duzun ideia da? Askotan soldatapean egonda, langileek enpresa propioa sortzeko ideia izaten dute eta lankide batzuk elkartuta ematen dute saltoa. Edota, lagun artean ideia bati bueltak ematen egon ostean, proiektua errealitate bilakatzeko pausoa ematen du taldeak. Baina, beste askotan, pertsonalki izaten dugu ideia garatzeko nahia. Baina, ekitea zaila eta prozesu bakartia bada, bakarrik ekitea are gehiago. Hori dela eta, pertsona horietako batzuek kide bat topatzea erabakitzen dute. Baina, nondik hasi?

Azken finean, proiektuaren muina izango den talde txiki (edo handia) sortzeko zein irizpide jarraitu ere ez da jakiten askotan. Sortzaile talde egokiak jarraian aipatuko ditugun ezaugarriak izatea komenigarria da:

  • Orekatua: sortzaile taldeak ez du ez oso handia ez oso txikia izan behar. Norbanakoak ez du taldea osatzen eta 5 jada talde handiegia da proiektuaren oinarria izateko.
  • Bateratua: Gustura lan egiten duzue. Talde bateratua izateko komunikazioa eta gardentasuna izatea ezinbestekoa da. Azken finean ordu asko sartuko dituzu aurrerantzean eurekin eta ondo moldatzea garrantzitsua da.

  • Indartsua: autogestioa, autoformakuntza, automotibazioa ekintzaile hitzaren sinonimoak beharko lukete. Beraz, ikasteko gogoa izango duen taldea behar du.
  • Konprometitua: langileak diren pertsonez osatua. Momentu gogorrak egongo dira, lan asko egin beharko da eta ezinbestekoa da taldeko kide guztiak horretarako prest egotea. Halako uneren bat iristen denean horretarako prest egongo direla ziurtatzeko, bazkideen arteko idatzizko paktu pribatu bat egitea gomendatzen da.

  • Diziplina anitzekoa: Proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren profilengan pentsatu eta horiek era egokienean beteko dituzten diziplina anitzeko pertsonez osatu taldea.

Taldea topatzeko pausoak

1. Zurekin konplementagarriak diren pertsonak bilatu, baina, aldi berean, desberdinak izango direnak: zurekin batera ikasitako pertsonak izan daitezke, baina hori baldin bada buruan duzuna, aurrez identifikatuta profil horiek dituzten betetzen dituzten ziurtatu. Era honetako pertsonak topatu ditzakezun lekuetara bertaratu zaitez: jardunaldiak, ekintzaileei bideratutako ikastaro edota hitzaldiak, co-working espazioak, etab.

2. Pertsonak ebalua itzazu konprometitu aurretik: proiektu ekintzaile bat sortzeko ezinbestekoa da berau osatuko duten pertsonak ikuspegi irekia eta malgua izatea, egoera anitzei aurre egiteko gai izango direnak, alegia. Hori lehen elkarrizketa edo topaketa batean jakitea zaila da, beraz, denbora har ezazue elkar ezagutu eta norberaren ideiak partekatzeko. Bazkide desegoki batek proiektua pikutara bidal dezake.

Intuizioari jarraiki, ziur pertsona egokiak topatuko dituzula. Anima zaitez! Eta bakarrik ekitea erabakitzen baduzu ere… eutsi goiari eta ekin zure proiektuari ilusioz!

Ekiteko kide egokia topatzeko irizpideak