Elkarlana ez dugu maiz egiten eta geroz eta indibidualagoak izatera bultzatzen gaituen gizarte honetan, are gutxiago. Baina, elkarlanean aritzeak asko aberats dezake gure egunerokoa. Nola?

Txikitatik sinestarazi digute guk bakarrik nahi duguna egin eta lor genezakeela. Baina, urteekin ohartu gara asmo onenarekin esan diguten hori ez dela erreala. Oso azkarrak izan arren, esfortzu handia egin arren, ezin dugu nahi dugun guztia egin ezta lortu ere. Elkarlanean aldiz, erronka handiagoei aurre egiteko gai izango gara eta besteen ikuspegi eta lan egiteko moduekin aberasteko aukera izango dugu.

Ekintzaile txikiak gara eta lan handiagoak egin ahal izateko, elkarlana oso modu egokia. Ekintzaile batzuek enpresa bera handitzea dute helburu, baina beste batzuek ez dute hori nahi. Euren txikitasunean gustura daude eta beste erronka batzuei heldu ahal izateko, enpresa handitzea ez da aukeretako bat. Azken finean, enpresa handitzeak kostu gehiago ekarriko ditu, denboran mantendu beharrekoak eta enpresaren momentu guztietan hori ez da aukera bat izaten. Hori dela eta, elkarlanak ekintzaile txikiei aukerak eskaintzen dizkie proiektu desberdinei heldu ahal izateko.

Elkarlana, nola baina?

Elkarlanean aritzeko modu desberdinak daude eta momentuaren arabera ziurrenik modu batzuk edo besteak aukeratuko ditugu.

  • Proiektu bat osoki elkarlanean sortzea. Elkarlan mota aberatsa da hau, baina, baita zailena ere. Beste ekintzaile batekin proiektu bat zerotik sortu eta garatzea oso interesgarria izan daiteke, baina, norberaren moduak desberdinak direnez, elkarren arteko komunikazioa guztizkoa eta asertiboa izatea ezinbestekoa da, gaizki ulertuak egon ez daitezen eta proiektuak aurrera egin dezan.
  • Proiektu bateko lanen baterako elkarlan zehatza. Elkarlanerako beste aukera bat izan daiteke zuk proiektu bat garatzea bezeroren baterako eta proiektu horretako zati bat sortu edota garatzeko beste profil baten beharra izatea eta elkarlan puntual bat proposatzea beste ekintzaileren bati. Edota beste ekintzaileren batek zuri hori proposatzea: bere proiektu handiago baterako atal zehatz baten sorrera edota garapenean zure laguntza. Elkarlan mota hau ere aberasgarria da, elkarrengandik asko ikas daitekeelako eta gustura lan eginez gero, etorkizunean elkarlan gehiago sor daitezkeelako, geroz eta konfiantza gehiago egongo delako eta elkarrekiko ezagutza ere handitzen joango delako.

Bi elkarlan mota horiek dira nagusiki egunerokoan landu daitezkeenak. Zuetakoren bati besteren bati bururatzen bazaio edo besteren batek funtzionatu badio, partekatu dezala iruzkinetan eta horrela, ikasten joango gara denon artean 😉

Esan bezala, gure momentuaren arabera agian batzuetan egokiena lehen aukera izango da: proiektu bat zerotik elkarlanean sortzea. Beste batzuetan, proiektua guk geuk sortu eta garatu nahiko dugu beharbada eta une zehatzetan bakarrik ekin elkarlanari… Baina, edonola ere, aberasgarria da beste ekintzaileekin batera lan egitea eta aukera berriak sortzea.

Zuek elkarlanean maiz aritzen al zarete?

Elkarlana