This post has already been read 33 times!

Webguneko edukiak ahalik eta interesgarrien egiteko saiakeran, arlo desberdinetako adituei elkarrizketak egiten hasi gara, jadanik badakizuen moduan. Lehen elkarrizketa Kide aholkularitzako kideei egin genien eta gaurkoan I Do Photographyko Idoia Telleria Maritxalarri. Gozatu eta ikasi eskaintzen dizkigun ikuspegi eta begiradekin.

Idoia Telleria Maritxalar – I Do Photography

Telleria Maritxalarrek asko maite du pertsonak argazkitzea, euren historia kontatzea. Bere prozesuaren berri emateaz gain, ekintzaileontzat baliagarriak izango zaizkigun hainbat konturen inguruan hitz egin du gurekin gaurkoan.

1. Zu ere ekintzailea izanik, kontaiguzu zer dela-eta erabaki zenuen ekitea eta argazkilaritzan gainera.

Argazkilaritza ikasi nuenetik argazkilaria izatea izan dut amets. Pertsonak argazkitu eta beraietaz zerbait kontatu nahi izan dut.

Ekintzaile izan aurretik, erreportaje sozialean lanean igaro nituen ia 15 urte, egun osoa etxetik kanpora lanean astelehenetik larunbatera. Ama izan nintzen eta lankideekin lan ordu aldaketak egin  nahi izan nituen arren, ez nuen lortu. Nire ongizatea, familia, zaintza eta nire benetako nahiak aztertu eta hausnartu nituen, lan eta bizitza pertsonalean aldaketak egin eta aurrerapausoa eman ahal izateko.

Ekintzaile bezala, pertsonak argazkitu eta argazkien bitartez laguntza eskaintzeko beharra sentitzen dut, pertsonak erretratuen bidez ahalduntzeko beharra. Niri ere nire egoera pertsonalean argazkigintzak lagundu nauen bezala. Pertsonen istorioak kontatzeko modu bat da, gerora geldituko den oroigarri eta legatu moduan.

2. Argazkilaritzan aditua izanik, ekintzaile batek bere online irudia argazki aldetik zaintzeko zein irizpide jarraitu beharko lituzkeela uste duzu?

Bere lana profesionala den bezala, webgunean erabiltzen diren irudiak ere profesionalak edo zainduak izatea beharrezkoa dela iruditzen zait. Webgune eta sare sozialetako profilak gure erakusleihoak dira eta gure bezeroek jasoko duten lehen inpresioa. Beraz, irudi txukun batek ere saltzen du.

Irudi hauek garbiak, “saldu” nahi dugunaren adierazgarriak eta batez ere, gure bezero profilarekin enpatia lortzen dutenak izatea gomendagarria da. Gure produktuaz gain, zerbitzua, arreta, zaintza, emozioa, enpatia… lortzea delako helburua.

3. Nola azalduko zenioke ekintzaile bati bere produktuen edota zerbitzuen kalitatezko argazkiak ateratzearen premia?

Gure burua argazkitan itxuroso, eder, erakargarri, alai, polit, dibertigarri, izaeradun… ikustea gustatzen zaigun bezala, gure produktu/zerbitzua ere berdin ikustea/erakustea garrantzitsua dela iruditzen zait. Bezeroa erakarri egin behar dugu eta ez uxatu.

4. Konplementagarriak iruditzen zaizkizu norberak beren mobil edo kamarekin egunerokoan atera ditzaken argazkiak eta zuen, argazkilari profesionalen lana?

Konplementagarriak izan daitezke, noski. Gaur egun, Facebook, Instagrameko storietan… zintzilikatzen ditugun irudi eta argazkiak egunerokoak dira eta hauek momentukoak izatea garrantzitsuagoa da, profesionalak izatea baino.

Aldi berean, gure webgune, promozio, profileko argazki, nor garen erakusten dutenak… profesionalak izatea garrantzitsua da gure benetako funtsa eta esan nahi duguna txukun eta garbi erakusteko.

5. Zerbait gehitu nahiko zenuke? Hausnarketarik? Gomendiorik? Mila esker!

Gaur egun nire argazki interesa ekintzaileengan eta argazki terapian dago batik bat. Ekintzaileei beraien nondik norakoa erakusten laguntzea dut atsegin, nor diren adierazten duten erretratuak dira garrantzitsuak, produktu-zerbitzua eta pertsonarekin enpatia eta gertutasuna agertzen laguntzeko.

Gaur egun, kantitatea baino, kalitatea eta pertsonenganako (bezeroenganako) zaintza (atentzioa), ezberdintzen gaituen gakoa delako.

Argazki terapia, pertsonen ahalduntze prozesuan lanketa ezberdinen bitartez, bakoitzaren erretratu berria “egiten” nabil. Nirea egiten ikasi dudan bezala, besteei laguntza eskaini nahi diet bide honetan. Eskerrik asko.

Elkarrizketa I Do Photographyko Idoiari