Webguneko edukiak ahalik eta interesgarrien egiteko saiakeran, arlo desberdinetako adituei elkarrizketak egiten hasi gara. Lehen elkarrizketa Kide aholkularitzako Arantxa Astiasuinzarra eta Oihana Amundaraini egin diegu eta hauexek dira egin diegun elkarrizketako bigarren zatiko erantzunak. 

Oihana Amundarain eta Arantxa Astiasuinzarra – Kide Aholkularitza

Kide aholkularitzari egin genion elkarrizketa lehen zatia hemen duzu irakurgai. Gaurkoan, FAQ deiturikoei (galdera ohikoei) erantzuna emango diete Oihana Amundarain eta Arantxa Astiasuinzarrak.

FAQ:

BEZa aurkezteko orduan eta horretarako behar dena eguneratuta izateko, zer gomendatzen diezue ekintzaileei?

Egindako eta jasotako fakturak txukun-txukun jasotzea.

Egin beharreko fakturek BEZa eraman behar dute? Zenbateko BEZa?

Egiten den jardueraren arabera BEZ eramango du ala ez, eta BEZ duen kasuan zein portzentaje emango duen begiratu behar da egungo araudiaren arabera. Horrez gain forma juridikoaren arabera ere alda daiteke, adibidez, elkarteek baldintza zehatz batzuk betez gero BEZagatik salbuetsita daude. Egoera bakoitza aztertu behar da.

BEZa desberdinetako fakturak egin ditzaket?

Oso ohikoa da jarduera desberdinak izatea, eta beraz, ematen den zerbitzuaren arabera BEZ tasa desberdina eduki dezake, gerta daiteke baita BEZ gabe eta BEZarekin egitea fakturak. Kasu horietan BEZ likidazio kalkulua konplexuagoa da, jasotako fakturetako BEZ osoa ez delako kengarria.

Autonomo batek lehendabiziko urteetan emaitza txikiak izan baditu errenta aitorpena aurkeztu behar du?

Bai, jarduera ekonomikoan alta ematen den unetik errenta aitorpena egiteko obligazioa du, baita galerak izanda ere.

Zerbait egin daiteke errenta aitorpena gutxiago ordaintzera ateratzeko?

Lehendabiziko aholkua urtean zehar egiten diren PFEZ aurrerapenak bakoitzaren egoerara egokitzea da. Baina errenta aitorpena egiteko unea iritsi aurretik badaude hainbat eragiketa egin daitezkeenak, etxebizitza hipotekaren aurrerapenak egitea, etxebizitza kontu bat irekitzea edo pentsio plan batean ekarpenak egitea adibidez. Eragiketa burutu aurretik errenta aitorpenaren simulazio bat egin daiteke, pertsona bakoitzaren kasuistikaren arabera errenta aitorpena optimizatzeko modua desberdina izango baita.

Autonomoetan alta ematea zenbat kostatzen da? Zein kobertura ditu?

2019. urtean legea aldatu da, eta momentu honetan autonomotan altan ematen diren pertsona guztiek, aukeratzen duten basearen %30-a ordaintzen dute, bertan kontingentzia arruntak, lan istripuak, formazioa eta autonomoen paroa sartuta geratzen dira (orain arte kobertura batzuk hautazkoak ziren, baino orain guztia derrigorrezkoa da).

Gaur egunean, autonomo base minimoa 944,40€-koa da kasu normaletan (sozietateetako administrariek eta 48 urtetik gorakoek base minimo altuagoa dute), beraz hileko kuota 283,32€-tan geratzen da 2019. urtean.

Hala ere, lehen aldiz autonomotan altan ematen diren pertsonek hobaria lortu dezakete eta 60€-ko tarifa plana bat ordainduko lukete lehen urtean. Hurrengo 6 hilabeteetan %50eko hobari bat izango luke kuotan eta hurrengo beste 6 hilabeteetan %30ekoa. Hortik aurrera, kasu zehatz batzuetan hobariak jarraitu dezake, baino, kasu gehientsuenetan tarifa normala ordaintzera pasako lirateke.

Zer egin behar da langile bat kontratatzeko?

Langile bat kontratatzeko lehendabizi enpresaren gizarte segurantzako zenbakia atera behar da (CCC), ondoren langileei altan eman behar zaie, kontratua prestatu eta Lanbiden erregistratu behar da. Behin kontratua eginda hilero nominak egin behar dira eta Tcak eta CRA fitxeroak bidali. Ogasunaren aurrean hiruhilero langileen atxikipenak ordaindu behar dira 110 ereduaren bidez eta urtean behin 190 eredua langile bakoitzaren datuak zehazteko.

Enpresako aktibitateari dagokion konbenioa ezagutzea beharrezkoa izango da, langileek izango dituzten eskubide eta betebeharrak zehazten direlako bertan.

Horrez gain, langileak kontratatzen diren unetik enpresa behartua dago Lan Arriskuen Prebentzio Plana izatera. Plan hau egitera dedikatzen diren enpresak badaude eta ohikoena plana kanpoko enpresa hauek egitea izaten da, baina norberak ere egin dezake.

Elkarrizketa Kide aholkularitzako kideei (II)