This post has already been read 15 times!

Emakumeen taldeak herri ia gehienetan ditugu. Batzuk eragileak dira, besteak gai zehatzen inguruan ekintzak antolatzen dituzte… Denetik dugu inguruan eta gure lana izango da egokien datorkiguna zer den aukeratzea.

Emakumeok emakume izate hutsagatik gizonek baino oztopo gehiago ditugu gure bizitzako arlo guztietan. Hori errealitatearen isla da eta datu ugarirekin baiezta dezakeguna. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu emakume taldeen garrantziaz hitz egitea. Baliabide garrantzitsuak dira talde hauek: auzotako emakume taldeak daude, herrietakoak, ekintzaileenak, etab. Gure kasuen, ekintzaileenak interesatzen zaizkigu espreski. Inguruan ez dugu halako talderik ezagutzen, baina, Estatu Batuetan, adibidez, badaude emakumeei beren soldatak, eskubideak, etab. negoziatu eta horien alde borrokatzeko informazioa zabaldu eta dinamikak egiten dituzten taldeak.

Emakumeak jabetzeko arlo garrantzitsua da diruarekin dugun harremana lantzea. Hainbeste urte, hamarkada, mende igaro ditugu (eta jarraitzen dugu) lan ugari doan egiten, asko kostatzen zaigula gure lanari balioa ematea. Talde hauetan soldatak negoziatzen, ekintzaileei beren lanari balio nola eman baloratzeko dinamikak egiten, etab. emakumeen jabetze ekonomikoa bultzatzen da. Diruaz hitz egitea ez dugu gustuko, zerbait txarra balitz bezala; baina, ohartu behar gara bizi garen jendartean bizi ahal izateko dirua beharrezkoa dugula. Ekintzaile batek bere gutxieneko gastuei aurre egiteko dirua behar du eta horretarako bere lanari balio ekonomiko bat jarri behar dio. Bere lanari ematen dio balio ekonomikoa ez bada zuzena, bere gastuei aurre egitea ezinezkoa izango zaio eta ondorioz, bere proiektuak ezin izango du aurrera egin.

Emakumeen taldea

Arlo batzuetan prezioak jada zehaztuta daude eta errazagoa da zentzu horretan aurrekontuak egin edota produktuei prezio zehatz bat jartzea; baina, beste arlo batzuetan, ordea, ez dago halakorik eta norberak baloratu behar du. Lehen aldiz ekiten dugunean hori zerbait berria da, aurrez enpresa baterako lan egin izanak ez baitizu zure buruari balio ekonomikoa ematen laguntzen. Hau da, zuk zure soldata duzu, baina, egiten duzun lan bakoitzagatik ez duzu diru kopuru bat kobratzen; ekintzaile zarenean, aldiz, egiten duzun lan bakoitzagatik kobratzen duzu. Beraz, ezinbestekoa da norberaren jakinduria (bai, ziurrenik lan hori egiteko ikastaroak, graduak, masterrak edota eguneroko lanean urteak igaro dituzu eta hori ere baloratu behar den lana da) baloratzea, alde batetik, eta zerbitzu edo produktu hori amaitutzat eman ahal izateko beharrezkoak diren denbora, lehengaiak, etab. baloratzea.

Ulergarria da bakarrik hori guztia egitea ez dela erraza, horregatik diogu garrantzitsua iruditzen zaigula emakume ekintzaileen talde bat osatzea, norberaren eguneroko zalantza edo emozioen partekatzerako gune egokia izateaz gain, halako arloak lantzeko ere erabilgarria izango dena. Animatzen al zara taldea osatzera? 😉

Emakume taldea