Emozioak garrantzitsuak dira zuentzat? Dena hainbeste distantziarekin, pantaila batetik bestera lantzen dugun momentu hauetan, ez al ditugu alde batera utzi?

Emozioak, zenbat hitz egiten den horietaz sare sozialetan, egunerokoan, baina, ze gutxi lantzen ditugun, ezta? Zorionez, duela urte batzuk baino gehiago hitz egiten da emozioen garrantziaz, baina, era egokian kudeatzen al ditugu? Ba al dakigu nola kudeatu, zer egin gaizki/ondo gaudenean?

Une honetan, distantzia soziala gure eguneroko kontzeptuetako bat den momentuan; bideo-deiak eguneroko bilera eta elkartze fisikoak ordezkatu dituzten honetan, non geratzen dira gure emozioak? Era egokian landu al ditzakegu emozioak maskarekin edota pantaila baten atzealdean “ezkutaturik”? Ez, ezta?

Emozioak une honetan

Azkenaldian psikologo eta psikiatren lana bikoiztu edota hirukoiztu egin dela entzun dugu, baina, kontsultak maskarekin egin behar dira edota bideo-dei bitartez. Pertsona baten emozioak aurpegian islatzen dira, hitzezkoa ez den komunikazioan… eta maskararekin edota pantaila baten atzetik ez da berdina transmititzen. Egoera gehiegi ez luzatzea espero dugun arren, geroz eta zailagoa egiten ari da egoera eta horrek denon osasunean eragiten du.

Ze zaila den egoera hau denon osasun emozionalerako, baina, aurrera egin beharko dugu. Emozioak zaindu ahal izateko, nola gauden erreparatzeaz gain, sentsazioak konpartitzea lagungarria da. Elkar zaintzea inoiz baino garrantzitsuagoa da une honetan eta zaintzeko emozioak ezinbestekoak dira. Hartu lasai egoteko denbora, nola zaudeten pentsatzekoa eta laguntza behar baduzue, eskatu.

Zuen buruek eta baita proiektuek ere eskertuko dute. Beti pozik egotea ez da erreala, sareetan hori soilik ikusten dugun arren. Baina, antsietatea, estresa ere ez da luzatzea komeni. Beraz, lehendabizi, kontziente izan gaitezen gure emozioez, emozioen zergatiaz eta aldatu nahi badugu une horretako egoera, pentsa dezagun zer egin dezakegun aldaketa hori lortzeko.

Emozioak hain garrantzitsuak dira dena telematikoa den honetan?