Urte hasiera da eta gelditu beharra daukagu: erabaki estrategikoak hartzeko garaia da!

Helburu eta erabaki estrategikoak hartzeko beharra dauka egitasmo orok, eta horretarako, tresna nagusia denbora eskaintzea da. Urte hasiera garai aproposa izan daiteke nora eta nola joan nahi dugun erabakitzeko.

Gako batzuk eskainiko dizkizugu lanketa honetan sakontzeko:

  1. EGUTEGIAN MARKATU ERABAKI ESTRATEGIKOAK HARTZEKO MOMENTUA:

    Urteroko zita izan behar du erabaki estrategikoak hartzeko momentuak. Gune honetan, kalitatezko denbora eta lekua eskaini behar diozu.

    Zerk inspiratzen zaitu? Naturak? Museoek? Kirolak? Musikak? Egin gustukoen duzun hori, eta jarri burua etorkizunari begira.

  2. IRITSI DA EGUNA, JAR ZAITEZ ETORKIZUNARI BEGIRA:

    Etorkizunari begiratzeko, garrantzitsua da atzera begiratu eta balorazio bat egitea. Zer joan zait ongi? Zerk ez dit funtzionatu? Zer izan da orain arte gehien gustatu zaidana? Eta gutxien gustatu zaidana?

    Balorazio hau egiteko, mentalki ez ezik, koaderno batean zerrendak egitea gomendatzen dizugu. Ipini izenburuak eta urtea. Eta horrela, hurrengo urtean, aurtengoaren jarraipena egin zenezake: urtez urteko bilakaera baloratzeko, bide batez.

  3. ZEIN DIRA AURTENGO NIRE HELBURU ETA ERABAKI ESTRATEGIKOAK?

    Estrategikoa deritzogu, ibili-ibilian egiten joateko ekintzen bitartez, norabidea sendotuko dizkiguten erabaki txikien ibilbideari.

    Beraz, izan daiteke: produktu ala zerbitzu berriren bat eskaintzea; gai berri batean sakon formatzea; elkarlan bat proposatzea beste ekintzaile bati; sare batean parte hartzea harremanak sustatzeko; proiektu berri bat abiatzea etorkizunean egonkortu daitekeena; denda bat irekitzea ikusgarritasuna handitzeko; webgunea sortzea online posizionamendua hobetzeko; lan egiteko moduak berpentsatzea ongi sentitzeko egunerokoan; etab.

  4. PENTSATU ETA EGIN:

    Xehetu estrategia betetzeko bete behar dituzun urratsak ala ekintzak eta kalendarizatu. Batzuetan ekintza bakarrarekin lortuko duzu emaitza, baina, besteetan, hilabeteetan zehar egin beharreko urrats ezberdinekin iritziko zara helburua betetzera. Pentsatu bidea eta eraiki poliki-poliki. Baina, egutegian jarri eta egiten joan ekintzak. Ekintza txiki bakoitzak zure norabidea sendotzen lagunduko dizu.

 

Erabaki estrategikoak hartzeko tresna zure baitan dago: eskaini denbora, ilusioa eta ideiak. Plazerez bete zaitez momentu horretan, eta plazerez bete ezazu urteko ibilbidea. Pozik lana egiteko eta bizitzeko beharrezko dituzun osagaietan pentsa ezazu, zure eguneroko lanak alaitasunez bete zaitzala!

Erabaki estrategikoak hartzeko tresna