Erosotasun esparrua zer den ba al dakizu? Ziur noizbait entzun duzula erosotasun esparrutik ateratzeak gauza berriak bizitzeko aukera eskaintzen digula. Horrela al da? Noizbait proba egin al duzu?

Erosotasun esparruaz ari garenean ezaguna denaz dihardugu. Bizitza pertsonalean eta baita lan munduan ere, ezagunak ditugun baliabide, lan egiteko modu, leku, jende, etab.etara lotzen gara eta ziur sentitzen gara gure egunerokotasunean. Goizean esnatu, kotxea edota autobusa hartu eta lanera joaten gara, bertan nola burutu badakigun lana egin eta ateratzerakoan haurren bila/lagunekin zerbait hartzera/kirola egitera goaz. Ezaguna dugun horretan murgildurik ibiltzen gara. Oso gutxitan egiten dugu saltoa ezaguna ez zaigun esparrura: oporretan gaudenean eta oso une zehatzetan soilik.

Erosotasun esparrutik haratago

Baina, ekitea erabakitzen duenak egunerokoan aurre egin beharko dio erosotasun esparruaz at dagoen esparruari: ezezagunari, berriari, magiari, alegia. Egunerokoan ezezagunak dituen pertsona/leku/egoerei aurre egin beharko dio ekintzaileak. Oso aberatsa da esparru berri eta magiko horretan zehar ibiltzea; asko ikasten da eta beldurrei aurre egiten zaie geroz eta era naturalagoan. Baina, horrek ez du esan nahi erraza denik, erosoagoa baita ezaguna zaigun egoera horietan mantentzea.

Ekintzaileok ez dugu soldata finkorik, ez lan zehatzik, ordea. Egunero aritu behar gara gure zerbitzuen eskaintza zabaltzen, bezeroak lortzen, lana aurrera eramaten, etab. Gure lanaz gain, beste mila konturi aurre egin behar diegu sortu dugun enpresak aurrera egin dezan. Horrek batzuetan beldurra sentiarazten digun arren, geure buruei erronkak jartzera behartzen gaitu eta bide horretan erosotasunaz ahaztu eta egunerokoari beste era batera aurre egiten ikasten dugu. Ziurgabetasuna, erronkak, ezezaguna dena bilakatzen dira gure eguneroko lagunak. Erosotasun ez horretan bizi gara gure proiektuak aurrera egitea nahi dugunok. Zaila dirudien arren, pertsona zoragarriak, proiektu berritzaileak, leku ezezagunak eta bestelako mila bizipenetara ateak irekitzen dizkigu esparru ezezagun honek.

Ziurgabetasun horrek gauza berriak sortzera, ideiak garatzera motibatzen gaitu, besteak beste. Beraz, zu ere horretara animatzen zaitugu: esparru ezezagunean murgildu eta bertan sortutakoa baloratzera!

Ekintzaile izatea apostua egitea da, lan egiteko era desberdin bati ateak irekitzea da, ezezagunaren lagun egitea eta zure egunerokoaren jabe izatea.

Bide zail bezain aberatsa den hau ezin hobeto adierazten du bideo honek: 

Erosotasun esparrutik ateratzearen garrantziaz