Euskara komunikatzeko hizkuntza da, beste hizkuntzak bezala, baina, berezitasun bat dauka. Euskaldunok asko baloratzen dugu euskaraz bizi ahal izateko baliabideak izatea. Hizkuntza gutxitua da, eta beraz, egunerokoan borroka txikiak egin behar dira euskaraz normaltasunez aritzeko gune guztietan.
Euskarak gure jarduera ekonomikoan zein leku duen aztertuko dugu gaur.
Inoiz baloratu duzu zein den duzun euskararekiko atxikimendua?
Hau da, zure zerbitzu eta produktuetan euskarak zein leku du? Lehen mailakoa? Bigarren mailakoa? Ala esklusiboa? Zu gai zara euskaraz eskaintzeko zerbitzuak? Nola antolatzen zara, euskaraz pentsatuz ala gaztelaniaz? Nola datozkizu ideiak eta pentsamenduak, euskaraz?
Egin ezazu gogoeta bat gaiaren inguruan, eta atera ezazu ondorio bat kanpora begira eskaintzen duzun euskara mailari dagokionez.
Zer ematen dizu euskarak?
Hizkuntza komunikazio tresna izateaz gain, atxikimenduak lortzeko bidea ere bada. Hau da, euskarazko zerbitzuak lehenesten dituzten euskaldun asko gaude, eta horrek, bezero mota batengana iristen lagun dakiguke. Euskarak, beraz, ateak ireki ditzake. Eta hori ikusten baduzu, eta hori baloratzen baduzu, euskarari zure jardueran dagokion lekua egingo diozu.
Zer gertatzen da, baina, errealitatean euskararekin?
Euskaraz lana egitea lehenesten ez den kasuetan, euskarari ez zaio ematen garrantzia, eta axolagabeki tratatzen da. Hori, berehala ikusten da komunikazio akatsetan: gaztelaniaz eta euskaraz argitaratzen diren mezu askotan, euskarazkoan akats ortografikoak ala semantikoak egoten dira. Horrek, irudi eskasa ematen du, eta hobe da horretarako, euskaraz ez argitaratzea.
Euskaraz argitaratzeko publiko egin nahi diren mezuak, eman dagokion garrantzia. Ondo egin gauzak: kontsultatu euskara ongi menperatzen duten adituei, ekintzaileen aholkulariei… eta berretsi esan nahi duzuna ongi dagoela idatzita.
Zure kasua bada azken hau, euskara sakontzera animatzen zaitugu. Euskara ikastaroak egin ditzakezu beharrezkoa duzun mailan konfiantzaz hitz egin eta idatz dezazun; publikoaren aurrean egon behar baduzu garrantzitsua da hizkuntzaren jabetza bermatzea.
Mintzalagun taldeak, euskara elkarteak, euskara irakasten duten elkarte eta zentroak… aukera anitzak daude. Garrantzitsuena, norberak euskarari garrantzia ematea da eta ongi tratatua izateko baliabideak jartzea.