This post has already been read 45 times!

Gaizki egotea onargarria dela entzun eta irakurri izan dugu azkenaldian, covid-19ak eragindako egoeraren eraginez, maizago oraindik. Baina, aldi berean ondo egon behar garela dirudi une oro. Hori nola egingo dugu?

Ezinezkoa da. Hau da, gaizki edo deseroso sentitzen bagara galduta gaudelako datorkigunaren aurrean edota ez dakigulako gure proiektua nola kudeatu eta dirua galtzen ari bagara… gaizki sentitzen gara eta normala da horrelako egoera baten aurrean. Badirudi hori onartzera bultzatzen gaituztela sare sozialetan ikusi eta entzuten ditugun irudi, bideo eta bestelakoetan… Baina, aldi berean, egoerari aurre egitera bultzatzen gaituzte, resilienteak garela eta egoeretara moldatzen dakigula diote. Baina… nola moldatuko gara egoerara nondik heldu ere ez dakigunean? Nola egingo diogu aurre zerbaiti egunerokoari ere aurre egiteko gai ikusten ez garenean?

Emozioei erreparatzea ezinbestekoa da eta sentimenduei bere lekua eskaintzea. Gaizki bagaude, gaizki gaude eta denbora bat emango beharko diogu gure buruari hori onartu eta aurrera egiteko. Aldi berean, egoera luzatzen dela ikusten badugu eta irtenbiderik ikusten ez badugu, okerrera egin aurretik soluzioren bat bilatzea edo ondo egingo digun norbait/zerbait topatzea lagungarria izango zaigu. Baina, gaizki eta ondo batera egote horrek erotu egingo gaitu, ezinezkoa da-eta. Sentimendu bakoitzak bere denbora behar du eta baita pertsona bakoitzak ere bizitzen ari garen hau ulertu, onartu eta aurrera nola egin dezakeen pentsatu eta erabakitzeko.

Gaizki egotea onargarria denean

Une zailak izaten ari dira denontzat eta ekintzaileentzat ere, noski. Lehenagotik ere zaila zen egoera ekonomikoari pandemia bat gehitu zaio oraingoan eta osasunean eragiteaz gain, gure harremanetan, ekonomian eta egunerokoan eragiten ari da. Bapatean dena hankaz gora dago, lehen baina gehiago, eta ekiteko modu berriak ikasi behar izan ditugu, moldatzen ari gara beste era batera eskainiz gure zerbitzuak/produktuak… Erraza ez den arren, aurrera egitera animatzen zaitugu eta zure emozioei erreparatzeko deia.

Normala da poz-pozik ez egotea, egunerokoan dugun egoera hau denean. Baina, badaude zirrikituak, ondo sentiarazten gaituzten proiektuak, bezeroak, momentuak… Gaizki egotea onargarria den arren, aurrera egitea ere beharrezkoa da, pixkanaka bada ere eta gure momentuak onartuz eta ulertuz.

Pixkanaka, ea aurrera egin dezakegun gure momentuak ahal dugun neurrian errespetatuz (beti ezinezkoa da, baina, batzuetan beharrezkoa ere bilakatzen da). Zaindu zaitez eta eutsi goiari!

Gaizki egotea onargarria da, baina ondo egon behar gara