Hau nahasmena izaten dugun ekiteko orduan: zenbat gai izan behar ditugun kontutan, zenbat gaitasun eskuratu behar ditugun denbora gutxian, zenbat ezagutza berri, eta… gure zerbitzuen berri komunikatu beharrak sare sozial guztietan egotera bultzatzen gaitu… baina, bide hori zuzena al da? EZ.

 

Jarduera ala enpresa bat sortzera goazenean, badirudi dena jakin behar dugula. Norberaren gaitasunak zein diren identifikatuz gero, ordea, pixkanaka ikasten eta hazten joatea da estrategiarik eraginkorrena. Izan ere, hasieratik edo jarduera hasterako ezagutza pila bat eskuratu nahi baditugu, blokeatu egin gaitezke eta gure asmoak lortzeko ekintzetan deszentratu. Hasteko behar dugunaz jardun genuen duela hilabete batzuk Zer behar dut hasteko postean.

Txikitik hastea da aholkurik baliotsuena: hasi dakizun horretatik eta oinarrizko ezagutza batzuk joan garatzen. Esaterako:

  • Lana eraginkortasunez egitea bultzatuko dizkizuten tresnak.
  • Zure jardueraren berri zabaltzeko aukera emango dizuten sare sozialen bat.
  • Zure lanean sakontzen lagunduko dizuten formakuntzak.

Baina, lehenetsi aukerak. Ez zaitez gal aukera guztiak ezagutzen.

 

Komunikazioa:

Komunikazioari dagokionez, badago joera orokor bat kanal guztiak erabiltzekoa eta sare sozial guztietan egotekoa. Hori da moda, eta modak jarraitzea estatus bat ematen digunaren irudipena oso zabaldua dago. Are gehiago marketinaren eta irudiaren munduan. Baina, sare sozialetan egoteak ez du esan nahi inondik inora gure irudiaren alderdi onak zabaltzen ari garenik. Izan ere, ez badakigu nola komunikatu gure zerbitzuak, dauzkagun mugak ariko gara erakusten lau haizetara.

Beraz, pentsatu zure jarduerari zein komunikazio kanal egokitzen zaion hobekien. Kanalak izan daitezke: telefonoa, emaila, prentsa idatzia, prentsa digitala, irratia, sare sozialak (eta hauen barruan Facebook, Twitter, Instagram, Youtube…), kale ekintzak, etab. Kanalak identifikatu ondoren, pentsatu zeinekin abiatuko zaren, eta zein interesatzen zaizun aurrerantzean abiatzea.

Horretarako, kanal bakoitzean zein publikorengana irits zaitezkeen aztertu behar duzu. Bakoitzak dituen kostuak, edukiak prestatzeak suposatuko dizun denbora eta eskaintzen dizkizuten erraztasunak ere baloratu behar dituzu. Behin balorazio hori guztia eginda, komunikazio kanalak lehenesteko moduan izango zara.

Gogoratu: abiatu gutxitik, eta iritsi zure jarduerak behar duen kopurura (agian kanal bakarra erabili behar duzu, edo bi; ez kezkatu leku guztietan ez zaudelako). Ez ibili itota kanal anitzen bitartez komunikatu nahian, lortuko duzun bakarra irudi traketsa ematea izango baita (eguneratzen ez duzulako, akatsak egiten dituzulako, ideiak garatzeko denborarik ez duzulako, etab.). Garrantzitsuagoa da aukeratzen dituzun kanalak egoki aukeratzea eta bertan irudi txukuna ematea.

Sare sozialei dagokienez, bertan oso garrantzitsua da estrategia bat finkatzea. Proposatzen ditugun sei urratsak irakur itzazu eta aplikatu zure ibilbide berrian ; )

Gure zerbitzuen berri non komunikatu?