Hausnarketa txokoa

Hausnarketarako txokoa leku fisiko bat izan daiteke, baina, azken finean, hausnarketari dedikatzen zaion denbora da garrantzitsua. Noiz sortzen da, ordea, hausnartzeko beharra? Bada, egia esan, erabaki bakoitzean.

Ohitura handia dago presazkoari eta berehalakoari emateko garrantzia, baina, askotan, horrek momentuko beharrak soilik asetzen ditu. Epe ertain eta epe luzera, ez dute irtenbiderik eskaintzen azkar hartutako erabaki horiek, ekintzaile baten bidea kontsolidatzeko unean.

 

Hausnarketa txokoa:

Ekintzaile batek ohituraz izan behar du hausnarketarako denbora. Eta, denbora hori har dezazun, gaurkoan, formula bat proposatzen dizugu: hartu koaderno bat, eta bertan idatzi zure kezkak. Ordenatu zerrenda batean kezka guztiak, bat bera ere ezabatu gabe. Zein kezka izan daitezken?

  • Kezka pertsonalak: bizigarria da egiten nabilen ibilbidea? Badut niretzako denbora? Zein dira nire afizioak? Zenbat denbora dedikatu diezaieket horiei? Konfort zonan nago? Zer egin dezaket motibazio berriak bilatzeko?
  • Funtzionamenduko kezkak: badut asteko antolaketa bat? betetzen ditut asteari markatzen dizkiodan helburuak? badut egutegirik ala agendarik? Lan egiteko modu optimoena bilatu dut? Nola sistematizatu ditzaket asko errepikatzen diren lanak?
  • Emozioen gaineko kezkak: nola nago? Nola sentitzen naiz bezero batekin bidea nahi bezala ez doanean? Nola sentitzen naiz lan bat amaitzean? Zein lanek sentiarazten naute ondoen? Oro har, ongi sentitzen naiz egiten nabilen ibilbidearekin? Zer hobetu dezaket hobeto sentitzeko?
  • Errentagarritasun eta diru kontuen kezkak: Egiten dudan lana ondo baloratuta dago ekonomikoki? Posible diot errentagarritasuna atera proiektu bakoitzari? Zein proiektu da errentagarriena? Zer eskain dezaket lan berarekin errentagarritasun pixka bat gehiago ekarriko didana? Dirua eskatzea kosta egiten zait? Zenbat balio du nire denborak, lanak, kalitateak eta jakintzak?
  • Etorkizunari begirako kezkak: zer egin nahi dut hemendik 3 urtera? Nola ikusi nahi dut nire burua: lan ordutegiari, soldatari, lan motei… dagokienez? Zein bide ireki nahi nituzke laboralki? Zein formakuntza beharko nituzke bide berriak irekitzeko?

 

Zerrendatu ditugun kezka hauek, adibide gisa bakarrik jarri ditugu. Norberak bere kezkak izango ditu, eta garrantzitsua hori da, pentsatzen jartzea zein kezka diren buruan dabilkienak. Zerrendatu, eta banan bana, koadernoko orri bat eskaini kezkari. Ala gehiago, noski. Kezka bakoitzaren irtenbidea ziurrenik ez dela idazketaldi horretan bururatuko, baina, litekeena da hurrengo egunetan etortzea ideia berriak. Pentsatuz, arian ari, etortzen dira ideia borobilenak. Horregatik, astean behin, adibidez, hausnarketaren txokoari denbora dedikatzeak lagunduko zaituzte ekintzailetzaren bidea sendoago eraikitzen.

 

Besarkada bat!

Baduzu hausnarketarako txoko eta denborarik?