Norberak badu ideia berrietan pentsatzeko ahalmena, baina, maiz denbora eta estimuluak falta zaizkigu zeregin hori garatzeko. Ideien sormena, ordea, gure ibilbidea modu batera ala bestera bideratuko duen gaitasuna izango da. Horregatik, ideia berrietan pentsatzeko eta hauen garapenereko hainbat teknika aurkezten dizkizuegu.

Ideien sormena Ekion Kalaka

Sormena. Zertarako?

Egiten duguna bizitzeko, besteengandik ezberdintzeko, gure buruak berritasunekin bustitzeko, gozatzeko, ez aspertzeko…

Sormena arlo ezberdinetan bila genezake: antolaketa moduetan, gure bizitzak zaintzeko moduetan, denda bat dekoratzeko moduetan, lana egiteko teknika ezberdinetan…

Baina, faktore garrantzitsu batek baldintzatuko du sormen maila handiagoa ala txikiagoa izatea: denborak. Hau da, sormenari dedikatzen diogun denborak. Ezin dugu pentsatu bapatean etorriko zaizkigunik ideia dizdiratsu eta arrakastatsuak. Ziurrenik, ideia txikietatik etorriko dira etorkizuneko proiektu sendoak. Beraz, maiztasun batekin, sormena lantzeko denbora hartzea gomendatzen dizugu, izan ondoren aurkezten dizkizugun teknikak erabiliaz, edota zuri hobekien datorkizun beste edozein modu aukeratuaz.

Inspirazioa eta ideian sormena pizteko hainbat modu:

  • Oinez ibiltzera joan:

Egunerokoan ez gara ohartzen inguruan ditugun txoko, pertsona eta momentu askotaz: errutina batean sartuta gaudenez, betiko txoko eta pertsonak ikusi eta momentuak bizi ditugu soilik. Atera zaitez oinez ibiltzera, baina, begien ordez argazki kamara daukazula irudikatu (edota soinean eraman!). Atera argazkia xarmangarria iruditzen zaizun momentu orori, jarri sentimenduak eta hitzak momentu horri, eta pentsatu nola aplika zenezakeen argazki horretan agertzen den ideia zure jardueran.

  • Museo eta erakusketetara joan:

Beste batzuek egin dituzten lan eta bildumak ikustea oso aberasgarria da gure ikuspegia zabaltzeko eta aberasteko. Horixe ba, begiratu zure herriko kultur agenda, eta segi inspirazio bila!

  • Sektoreko jardunaldietara joan:

Zein joera daude zure sektorean? Urtean zehar ziur jardunaldi ezberdinak antolatuko dituztela zure herri edo hirian. Interesgarria da horietako batzuetara joatea. Neurtu zeini aterako diozun probetxu handiena, eta zure agendan txertatu.

  • Ikastaroetan izena eman:

Denbora gutxi izanda ere beti dago ikasteko tartea. Online ala presentzialki, baina, zure inspirazioa aberastu dezakeen ikastaroren bat edo beste egitea gonbidatzen zaitugu.

  • Zinema eta antzerkira joan:

Dekoratuak, gaiak, elkarrizketak, espresioak, sentimenduak, musikak… ordu betez edo bi orduz pelikula batek ala antzezlan batek beste mundu batean murgiltzen gaitu. Gozatu momentuaz, eta ikusi dituzun gai berriak materializatu: nola egokitu gustatu zaizun ideia hori zure jarduerara?

Azken finean, inspirazio bila bagabiltza, litekeena da gure bulego, denda ala lantokian ez topatzea hori. Egunerokotasunetik atera behar dugu ideia berriak xurgatzera ; )

Gozatu zure txangoaz!!

Sormen teknikak kalaka

Behin inspirazioa lantzeko modu ezberdinak azalduta, ideien sormena errazten duten teknikak luzatzen dizkizuegu “Deskargatzeko materiala” atalean (hau da, teknika hauek garatzeko plantilak dituzue deskargagarri). Ez dira bakarrak, baina, guk gehien erabiltzen ditugunak dira, gure kasuan eraginkorrenak izan direlako. Segidan horien azalpen laburra:

  • Ideia zaparrada ala brainstorming:

Hartu papera eta koloretako boligrafo bat, eta idatzi burura datozkizun ideia eta burutazio guztiak. Ez egin epai negatiborik: guztiek balio dute. Sakonak, eroak, arraroak, betikoak, inoizkoak…

Ondoren, distantziatik hasi estrategikoki pentsatzen, eta ideiak baztertzen, batzen ala loratzen. Lehentasunak markatu eta osatu ideia berri bat, bi ala hiru. Baliteke ideiaren bat etorkizunean egingarri ikustea; kasu horretan, zure plangintza estrategikoan kokatu. Helburua, epe motz eta ertainerako ideia berriak sortzea izango denez, orain egingarri diren burutazioak garatzen has zaitezke.

  • Ikuspegien teknika:

Ideia eta burutazio ezberdinak orri batean zerrendatu ondoren, hauen gainean ikuspegi ezberdineko rolak hartzean datza teknika honek. Hauek dira ideia bakoitzeko hartu behar dituzun rolak eta bakoitzean landu beharreko gaiak:

Neutrala (informazioa eta ekintzak), intuizioa (emozio eta sentimenduak), epailea (azterketa kritikoa), logika positiboa (onurak eta abantailak), sormena (alternatibak eta proposamenak), ikuspegi globala (orkestaren zuzendaria).

  • Hiztegia:

Paperezko hiztegi bat hartu eta ireki ausaz orri bat, eta begiratu gabe, hatzarekin seinalatu hitz bat. Egin horrela, hainbat hitz aukeratuz. Ondoren, saiatu zaitez aukeraketa horrekin ideia bat sortzen.

  • Sormenezko kopia:

Sartu Pinterest, Instagram ala flickr sare sozialetan, eta busti bertan topatzen dituzuen ideia, irudi eta argazkiekin. Sormen ugari dago sare sozial horietan. Aukeraketa egin ondoren, zure jarduerara egokitu gustatu zaizkizun ideiak, eta zure originaltasuna txertatu jatorrizko ideiari.

 

Probatu teknika hauek eta animatzen bazara, idatzi iruzkin bat zuri zein gustatzen zaizun gehien esanez!!

Sormena lantzeko teknika gehiago.

 

Ideien sormena: inspirazioa eta teknikak