Irailarekin batera, asko errutinara bueltatzen gara. Eta zu? Zuretzat iraila al da berrekiteko hilabetea?

 

 

Udan lana egin arren, irailak lurreratzera behartzen gaitu. Ekainarekin batera, sektore gehienetan, erritmo aldaketa bat egon ohi den moduan eta familietan ere haurren oporrekin batera, aldaketa iristen den bezala, irailak kontrakoa dakar: lanera eta eskolara buelta, udan lan egin arren, lan erritmo azkarragora bueltatu beharra, etab.

Gure kasuan, bezero gehienak udan erdi oporretan egon ohi dira eta barne lanketarako erabili ohi dugu tarte hori. Horretaz gain, oporrak ere abuztuan egiten ditugu, gure kasuan, zentzuzkoena izaten delako bezeroekin batera guk ere oporrak hartzea. Irailean lan ugari egon ohi dira egiteke (bezeroak orduan bueltatzen baitira lanera 100 % eta erantzun asko orduan jasotzen ditugu) eta proiektu berrietarako momentua ere izaten da.

Hori horrela izanik, guretzat erritmo aldaketa izaten da eta ulertzen dugu zuetako askorentzat ere hala izaten dela. Antolaketa ezinbestekoa izaten da errutinara bueltan: zein lan noiz egin, zein baliabide behar ditugun, norekin harremana egin behar dugun, etab. agendan edo erabili ohi dugu antolaketarako tresnan txertatzea beharrezkoa izango dugu pereza astintzeko pixkanaka.

Zuen buelta nolakoa izaten da? Edo zuentzat ez dago hainbesteko desberdintasunik uda eta irailaren artean? Zuen lan egutegia nola antolatu ohi duzue?

Edonola ere, lanean aldaketarik ez sumatu arren, lanetik kanpoko erritmo aldaketa nabaria izan ohi da eta badakigun moduan, bizitza “pribatuak” laneko egunerokoan eragin zuzena du eta alderantziz. Beraz, animo irailarekin, eutsi eguzki izpiek emandako indarrari eta primeran joan dadila errutinara buelta!

Aholkuen beharra baduzue, errutinara buelta hain gogorra izan ez dadin, lotura honetan lagungarri izan daitezken batzuk topa ditzakezue.

Irailarekin batera, lanera buelta