This post has already been read 144 times!

Bezero batekin bideo-deia daukat hamar minutu barru. Non kokatuko naiz? Ze fondo egotea nahi dut? Nola jantziko naiz? Oinutsik jarraituko dut ala ez? Ispiluan begiratu dut neure burua, ze begi-zulo ditut? Zer adierazten du neke honek? Makilatuko naiz?


Zenbatetan egongo ote zinen egoera honetan azken aste eta hilabeteetan? Etxea eta lana inoiz baino batuago egon diren garaiotan, hortxe, ordenagailuaren pantailaren lauki horretan, kokatu da zeure irudia, besteek zutaz ikusten dutena. Intentsitate bereziarekin, muga jakinekin, baina indarrean… zutaz pentsatzen dutena. Konfinamendu egoerak ezaugarri bereziak ezarri dizkio ispilu horri, baina ispilua(k) egon beti daude.

Idazlea: Aran Erasun Urtzelaieta

Eta besteek gutaz pentsatzen duten hori maiz mugitzen da beldurraren eremuan. Beldur naiz bezero honek espero duena ez diodala eskainiko, beldur naiz lankide honek nola hartuko duen proposatu dudana, beldur naiz irakurleek lerdokeri bat esan dudala pentsatuko dutela. Beldur naiz… ez dakidalako. Erantzunak izutzen gaituelako ez dugu galdetzen maiz, eta hala areagotzen da nire irudi pribatua (nitaz pentsatzen dudana) eta irudi publikoaren (besteek nitaz pentsatzen dutena) arteko aldea.

Hala, besteek nitaz duten irudia ezagutzea beldur horien eremua txikitzeko ezezik, barne konfiantza indartu eta geure lan eta proiektuen sortze prozesuei begirako lanabes garrantzitsua bilaka daiteke. Ez dakidanaren eremua murriztu, dakidan hori nahi eta behar dudanaren zerbitzura jartzeko: hobetu, aldatu, egokitu, ikasi, balioa eman…

Zer bide erabili ditzakezu zeure irudi publikoa (zutaz pentsatzen dutena) ezagutzeko, eta horretan trebatzeko?

– Lehenik eta behin, zeure burua zuk nola ikusten duzun lurreratu, zehaztu, zerrendatu. Zeintzuk dira nire balioak, gaitasunak, ondo egiten dudana, bereizten nauena? Zer daukat hobetzeko, ikasteko?
– Eskatu zure lankide, kolaboratzaile eta kideei zure jarduerari buruzko feedbacka. Zer da gehien baloratzen dutena? Zein da zure ekarpen eta bereizgarri eskertuena beren ikuspegitik? Zer hobetuko lukete? Ikuspegi hauetan topatuko duzu bai zuk aintzat hartzeko balorazio bilduma (oinarritua sumatzen duzuna zeuretzat hartu eta sendotzeko zein hobetzeko bideak topatzeko), baina baita pertsona horiek behatzeko eta mundua begiratzeko duten modua ezagutzeko ere. Zer da beraientzat garrantzitsua, zeri ematen dioten balioa eta zeri ez… Haien ispiluak haietaz hitz egiten du, zureak zutaz hitz egiten duen gisan.
– Bezeroekin, edota zeure zerbitzu edo ekarpena jaso eta baliatzen duten horiekin beren ikuspegia jasotzeko elkarrizketak izan, prozesu (zerbitzu, produktu eta ekimen) bakoitzaren amaieran ebaluaketa bakoitza ikasketa une ere izan dadin. Zer gustatu zaie? Zer eskertu dute gehien? Zure ze gaitasun da beraientzat garrantzitsua? Zer hobetuko lukete? Usteei lekua kendu, eta konfiantza elikatzen duten galderak eginda, dakizunaren eremua hedatuko duzu.
– Ze alde topatu duzue zeure buruaz pentsatzen duzuna eta besteek adierazi dutenaren artean? Ze emozio sumatzen duzu zuri buruz galdetzerakoan? Zer sentitzen duzu alde onak zein hobetzekoak jasotzerakoan?

 

Nire bidean, elkarrizketa hauek pentsatuko dutenaren beldurraren ondorioz sorturiko muga batzuk leundu dituzte, nire irudi publikoa (ikuspegi honetan, besteen iritzi bilduma, alegia) lan eta bizi tresna gisa baliatzeko bidea zabaldu didate, eta etengabeko ikasketa eta eraldaketa bidea elikatu eta elikatzen dute. Izan ere, besteei begietara begiratuz soilik topa dezaket neure bidea. Eta erantzunak begiradan daude, ikusteko prest baldin bazaude.

Aran Erasun Urtzelaieta – Harago Aholkularitza

Irudi pribatu eta publikoa lantzen