Gure zerbitzuak edota antolatzen ditugun ekintzak prestatzen ordu ugari pasatzen ditugu, baina, komunikazioari ez diogu erreparatzen. Horrek oztopa dezake gure lan guztiaren benetako zabalpena erreala izatea. Komunikazioa planifikatzea ezinbestekoa da.

Komunikazioa planifikatzeko antolatu beharra dago.

Ondo komunikatzeko, ondo antolatu behar. Logikoa dirudien arren, gutxitan egiten den zerbait da eta horrek eragin zuzena izaten du gure eguneroko lanean (salmentetan, zerbitzuen zabalpenean, etab.).

Imaginatu zerbitzu enpresa bat garela eta hilabete daramagula zerbitzu berri bat pentsatzen, lantzen, sortzen… Iritsi da horren berri emateko unea eta egiten duguna zera da: gure sare sozialetan jarri. Hori ez dago soberan, noski, baina ez da nahikoa eta gainera, ondo egiten jakin behar da. Sare sozialetan jartzen duguna gure jarraitzaileek ikusiko dute, baina, ez da denengana iritsiko sare sozialek erabiltzen dituzten algoritmoak direla medio. Hori dela eta, benetan ondo komunikatu nahi badugu, komunikazio hori ondo antolatu/planifikatu beharko dugu eta sare sozialez haratago pentsatu.

Komunikazioa planifikatzeko pauso nagusiak:

Zerbitzu berri bat zabaltzen hasi aurretik, lehenik eta behin, horretan parte hartu duten lankideak elkartu eta komunikazioa nola egingo den pentsatzeko tartea hartu behar dute bileratxo bat eginez. Hasiera batean denbora galtzea dirudien arren, gerora asko erraztu eta hobetuko du komunikazioaren plangintza. Bertan adostu beharko dituzte ze kanal erabiliko diren zerbitzua zabaltzeko, zer nork egingo duen, etab. Bilera horretan zehaztu beharko ditugunak nola egin:

  • Zabalpenerako dagoen aurrekontuaren arabera euskarri gehiagotan zabaldu ahal izango dugu edo gutxiagotan. Doako medioak soilik erabili baditzakegu, zeintzuk erabili pentsatu beharko dugu, gure publiko helburua zein den kontuan izanik eta ordaindu behar badugu ere, zer komeni zaigun pentsatu beharko dugu dirua ahalik eta modu efizienteenean inbertitzeko.
  • Zerbitzua norentzat da baliagarria? Hau da, nor da publiko helburua edo targeta? Horrek lagunduko digu komunikazioa non eta nola egin behar den erabakitzen. Adibidez, adineko pertsonak baldin badira zerbitzu horren erabiltzaile izango direnak, sare sozialetan jartzeaz gain (beren seme-alabek bertan topa dezaketelako informazioa), egunkarietan publizitatea jarriz edota elkarrizketak lotuz eman beharko dugu zerbitzuaren berri, adibidez. Edota, eskuorri bat egitea erabakitzen badugu, era sinplean eta letra handiz landu beharko dugu diseinua (edo gu diseinatzaileak ez bagara, hala eskatu beharko diogu kontratatzen dugun enpresari), ulergarria izan dadin eta gure helburua bete dadin: adineko pertsonengana iristea. Hau da, publiko helburua zehaztu behar dugu lehendabizi, horren ostean zerbitzuaren berri non emango dugun (sare sozialak, webgunea, eskutitz bidez, publizitatea autobusetan jarriz, egunkarietan elkarrizketak lotuz, etab.) eta nola (irudi bidez, testuari garrantzia emanez, etab.) zehaztu ahal izateko.
  • Horren ostean, zabalpen hori (online eta offline) nola eta noiz egin behar dugun antolatu beharko dugu. Hau da, data zehatzak jarri beharko ditugu eta horren araberako antolaketa erreal bat egin gure epemugara bitartean.
  • Horretarako, agenda bat, mobileko alarmak, egutegia edo norberari errazen egiten zaiona eta gehien kontsultatzen duen baliabidea erabili beharko du. Bertan ezarriz norberak hartu duen ardura komunikazioari dagokionez: sare sozialetan astean bitan horren berri ematea, elkarrizketak lotzea medioekin, etab.

Komunikazioak garrantzi handia du

Aipatutakoa era egokian kudeatzeko argi dago ondo antolatu beharra dagoela eta zerbait txikia izanda ere, planifikatu behar dela, bestela, gauzak azken momentuan eta gaizki egiten ditugu. Horren ondorio zuzena da guk zerbitzu hori lantzen igaro ditugun ordu guztiak ezer ezean geratzea zabalpena era desegokian egin dugulako. Ohartu behar gara lan horri eskaini diogun denborak erantzun bat izatea nahi badugu, komunikazioari ere denbora eskaini behar diogula.

Gu hori egiteko gai ez bagara, laguntza eskatzea beharrezkoa da eta horretaz ere ikasiko dugu. Ziurrenik lehendabiziko aldian ez zaigu dena primeran aterako, baina, emaitzak lortu ahala ikasten joango gara hurrengoetarako.

Zebrabidean gai honen inguruko elkarrizketa egin digute, hemen duzu entzungai.

Horixe ba, komunikazioa era egokian egiteko antolatu eta aurrera!

Komunikatzean antolatzeko beharra