This post has already been read 71 times!

Inguruan ditugun ekintzaileei kolaboratzeko eskaria luzatu diegunean, prest egon dira beren egunerokoaz Ekionen hitz egiteko. Era honetan gure ikuspegiaz gain, beste lan eremu, egoera eta herrietako ekintzaileen hausnarketen berri izango dugu hemendik aurrera. Gaurkoan Nahia Alkorta Elezgarairen kolaborazioarekin ikasteko eta ikuspegia zabaltzeko aukera izango dugu, mila esker!

Nahia Alkorta Elezgarai · Sabeletik Mundura.

Behin eta berriro entzuten ditugu lana eta gurasotasuna kontziliatzeko zailtasunen inguruan berriak, neurri proposamenak, laguntzak… Familia bakoitzaren egoera desberdina izango da eta agian gutxi batzuentzat izan liteke baliagarria baina Ekionek eskaini didan tarte honetan aukera baten berri eman nahiko nizuke.

Teknologia berrien garapenak eta gailu desberdinak zein interneterako konexioa etxe gehienetan dugun garai honetan “telelana” edo lanerako formula berriak geroz eta ugariagoak dira. Honek lana eta bizitza antolatzeko aukera desberdinak dakartza eta kontziliatzeko bide berriak ere bai.

Etxetik egin dezakezun ordainpeko lana edo proiektu propioa baduzu, etxea zein lana antolatzeko gako zenbaiten bidez asko erraztu daiteke espazio eta une berean lana zein zaintzari tokia egitea.

Kontziliatzeko aholkuak

  • Antola ezazu etxea haurraren eta zure lanaren beharren arabera eta ez unean uneko dekorazio tendentziaren arabera. Etxetik lana egiteko hautua egin baduzu ahalik eta errazen eta erosoen kokatu gune desberdinak. Haurra haziz doan heinean lurra eta jostailu edo material gehiago beharko du, hortaz ez da ideia txarra egongela edo gela handi bat egokitzea lana eta zaintzarako. Zure lan eremua (ordenagailua eta behar ditzakezun beste materialeak) gela horren ertz batean kokatu, bertatik haurra kontrolpean izan dezazun eta eremu “pribatuagoa” izan dadin.

 

  • Haurra txikia denean bere loaldiak probestu ditzakezu lanerako. Soinean, bizkarrean, izan dezakezu loaldi luzeagoak egin ditzan. Haziz doan bezala esna gehiago egongo da, baina apurka-apurka bakarrik, ikusten zaituen bitartean, tarte luzeagoz egongo da lasai.

 

  • Ikasi lanak desglosatzen eta zerrenda eraginkorrak egiten. Lan potoloak lantxo txikietan zatitu (5-15 min hartuko duten zatietan) eta egin ahala ezabatu zerrendatik.

 

  • Haurrak zein zuk behar izan dezakezuen guztia aurrez prestatu, jostailuak, janaria, pixoihalak…

 

  • Behatu haurra eta ezarri ordutegi malguak: haurra lasaien noiz dagoen identifikatu duzunean, tarte horiek erabili kontzentrazio handiagoa behar duten lanei.

 

  • Geldialdiak egin beharko dituzu maiz, ez ahaztu altxa aurretik GORDE botoia sakatzeaz.

 

  • Kontuz gehiegizko espektatibekin: hobe da lan gutxiago programatzea eta hurrengo egunekoa aurreratzea tartea baduzu, gaurko asko jarri eta ezin iristearen frustrazioa baino.

 

  • Eskaini haurrari imitazioz aritzeko materialeak eskatzen dizkizunean: jostailuzko edo kartoizko ordenagailutxoa, paperak, margoak… eredu zara.

 

  • Etxean bazaude ere, ez ahaztu lana eta zaintzarako ezarri duzun ordutegi horretan karga gehiago ez hartzeaz. Etxeko lanak egiteko tartea hartu nahi baduzu, saiatu burua ordainpeko lanetik aldentzen.

 

  • Jantzi eta eskaini zure buruari zaintza eta higiene ohitura minimoak. Lana beste era batera egingo duzu pijama kenduta eta.

 

  • Lan konplexuenak utzi siesta garairako, gauerako edo haurra beste norbaiten ardurapean dagoen uneetarako.

Saiatu momentuaz gozatzen

Ez ahaztu haurrak azkar hazten direla eta epe laburrean iraungo duen egoera izango dela haur txiki bat zaindu bitartean lana egitearena. Saiatu gozatzen, egunez egun gauza berriak nola ikasten dituen ikusteko zortea izango duzu eta gero akaso faltan somatuko dituzu une horiek.

Haurra haziz doan heinean bere eta zure beharrak aldatuko dira, beraz, espazioa eta antolaketa moldagarria izan behar dela ez ahaztu.

Probestu teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerez, ia denek dugu ordenagailutxo bat patrikan. Pentsa, lantxo hau kotxeko bulegotik egiten ari naiz 😉.

Eta zuk, egin duzu lanik etxetik haur txikiekin? Hemen gure egun bat orain urte batzuk.

Nahiari Ekintzaileak atalean bere proiektuaren –Sabeletik Mundura– inguruan egindako elkarrizketa ikusi eta entzun nahi baduzu, hemen duzu aukera!

Kontziliatzeko bide berriak: zaintza eta lana etxean