Ziklikoak garela aipatu izan dugu webgune honetako post batean baino gehiagotan. Horretaz jabetzeko dokumental interesgarri honetaz jardungo gara gaur: “La luna en ti” ikus-entzunezkoaz, alegia.

 

Baliabideen atal honi hasiera emateko ikus-entzunezko hau aukeratu dugu. Hasiera baten pentsa zenezake ez duela ekintzailetzarekin loturarik, baina… ez da hala! Emakume ekintzaileetan eragin zuzena du beren zikloak ulertzeko moduak. Zuk zeure burua ezagutzen baduzu, zikloaren fase bakoitzean azaleratzen dituzun emozio, harremantze modu eta aldaketa psikiko eta fisikoez jabetzen bazara, eguneroko lanean ere aldaketa hauen baitan kudeatuko duzu zure lan egiteko eta ekiteko modua.

Mundu linean eta kapitalista honetan ziklikoa izatea ez da batere erraza. Badirudi beti pozik, indartsu eta gauzak egiteko gogoarekin egon behar garela, are gehiago gure negozioaren jabe baldin bagara. Horrela ez gaudenean errudun sentitzen gara eta geure buruak behartzen ditugu une horretan egin ezin dituen gauzak/ekintzak/jarrerak izatera… geure buruak kaltetuz. Hori dela eta, gure zikloak ezagutuz gero, ekiteko prozesuan ere geure buruak errespetatuz lana egingo dugu eta ez gara autosaboteatuko.

Hori dela eta, geure buruak zaintzearen garrantziaz jabetuta, dokumental honekin ekitea egokia dela iruditu zaigu.

La luna en ti

Diana Fabiánová zuzendariak 2009an osatutako 75 minutuko dokumentala da hau. Emakume askok bezala, Fabiánovák ere hileko oso mingarriak izan zituen azken urtetan. Hilero bere buruari egiten zion galdera zabaltzen du oraingoan: “zergatik hainbeste min osasuntsu banago?”. Hasiera batean kuriositate hutsa izan zena, gerora bidaia interesgarri batean bilakatu zen. “La luna en ti” hilekoaren tabua azaleratzen duen dokumental argia da, hilekoa izateak herrialde desberdinetan duen esanahi eta izan ditzaken mugez jarduten du, besteak beste.

Guztiz gomendagarria da berau ikusteko tartea hartzea. Hasiera batean motel xamarra izan daiteke halakoak ikustera ohituta egon ezean, baina, behin dokumentalean murgilduta bidaia zoragarria berarekin batera egitea plazerra da.

La luna en ti online ikusteko aukera duzu hemendik.

“La luna en ti” dokumentala