Ekintzaile askok esan izan digute antolaketaren beharra ikusten dutela beren egunerokoan, baina ez dakitela nondik hasi. Lanak antolatzeko tresna erraz eta erabilgarria azalduko dizuegu segidan.

 

 

Era errazean eta eskuragarri izan ditzakezun hainbat baliabide: agenda fisiko bat edota google calendar bezalako baliabideren bat.

Tontakeria dirudien arren, agenda bat izan eta erabiltzeak, noski, gure eguneroko lana antolatzen lagunduko digu.

Zure burua antolatu ahal izateko pausoak

  • Asteko ikuspegia izan gutxienez eta agendan zehaztu eguneroko egin beharreko gutxienekoak: bilerak, deiak, egin beharreko lanak, proiektuak, bezeroei entregatu beharrekoak.
  • Horretaz gain, entrega eperen bat edota barne antolaketarako beharrezkoak diren BEZa eta bestelako kudeaketa lanen epeak agendan idatzi.
  • Goizero, lanean hasi eta egingo duzun lehen gauza agendan egun horretarako aurreikusita daukazuna begiratzea da. Horren ostean, era errazean egingo dituzun gauzak gainetik kendu lehendabizi: emailak erantzun, emailen bat idatzi, deiren bat, etab. Bestela, egun osoan zehar egin behar hori duzula ez duzu burutik kenduko eta sormen edota lan gehiago behar duen lana ez duzu behar bezala egingo. Gerora, denbora gehiago behar duten proiektu edo lanetarako tartea hartu… eta egin. Gaur egin ez duzuna biharko egunera pasa agendan, ez ahazteko.
  • Funtzionamenduak erraza dirudi eta denok egin beharko genuken zerbait da lanak, dirulaguntzak eta bestelako kudeaketa lanak (BEZa, IRPFa, Errenta aitorpena, etab.) garaiz egin ahal izateko, azken uneko presiorik gabe. Baina, gauzak ez inon idatzita izatean, egunerokoak jaten gaitu eta erraza da gero epez kanpo ibiltzeak dituen eraginak -isunak, etab.- jasan behar izaten dira. Horiek saihesteko, antolaketa egokia ezinbestekoa da.

Ikus dezakezun moduan, ez da azken uneko aplikazio berezirik behar, agenda fisiko bat izan daiteke. Baina, esandakoa, asteko ikuspegiarekin lortu nahi diren helburuak bete ahal izateko, egin beharreko lanak, epe mugak, etab. eguneratuta izatea ezinbestekoa da eta egunero helburuak markatzea zure buruarekin, lanarekin loturarik ez duten beste kontuetan denborarik ez galtzeko.

Bestetik, agenda hori edota eguneroko lan horiek/helburuak/betebeharrak apuntatuta izateko, ordenagailuan izango dugun zerbait nahiago baduzu, Google Calendar baliabide sinple bezain erabilgarria da. Eguneko, asteko edota hilabeteko ikuspegia ezar dezakezu, zuri erabilgarrien egiten zaizun moduan; egutegi desberdinak ere sor ditzakezu -lanekoa, pertsonala, haurrena, etab.- eta orduka jar ditzakezu eginbehar edo zitak. Horrek zure eguna, astea edota hilabetea era egokian antolatzen lagunduko dizu.

 

Ikus dezakezun moduan, baliabide sinpleena ere erabilgarria da zeure burua antolatzen hasi eta eguneroko funtzionamendua aldatzen hasteko. Hauetaz gain, baliabide konplexuagoak ere badaude, baina horiek aurrerago ikusiko ditugu.

Lanak antolatzeko tresna erraz eta erabilgarria