Ekiten dugunean ezinbestekoa da lider moduan aritzea lanean. Baina, liderrak izateko modu ezberdinak daude. Guk lidergo feminista lantzeko gakoak azalduko dizkizugu.

Lidergo feminista

Zure eguneroko jardunean talde bat osatzen ari zara etengabe: bezeroekin, hornitzaileekin, kanpo agente ezberdinekin, etab. Hori dela eta, zure buruaren eta jardueraren onurak bermatzeko lider gisa aritu behar duzu uneoro. Horretarako, lehenik, zure burua indartu behar duzu. Ondoren, ezaugarri batzuk garatu behar dituzu. Eta honekin guztiarekin, lidergo feminista lantzeko gaitasunak lortzea errazago izango zaizu.

Autolidergotza:

Lider gisa aritzeko, ordea, lehenik autolidergotza landu behar duzu. Hau da, norbere burua deskubritzeko prozesuan barneratu behar duzu, eta bertan, balore, sinismen, ahultasun eta indargune propioak identifikatu eta eraldatze lanak egin beharko dituzu. Prozesu honen hastapenetan zu zeu lider izateko imagina ditzakezun oztopoei aurre egitea landu beharko duzu lehenik. Eta ondoren, beste gaitasun batzuk ikasteari eta barneratzeari ekin beharko diozu:

  • Autoestimua: norbere burua ezagutu eta baloratzea. Akatsak identifikatu eta hauetaz ikastea. Norbere buruarengan konfiantza izatea.
  • Beste eredu mentalak eraikitzea: mugatzen gaituzten sinismenak identifikatu eta sinismen indartzaileengatik ordezkatzea.
  • Helburu zehatzak: estrategiak definitu eta hauek garatzeko ekintzak zehaztea.
  • Inteligentzia emozionala aplikatzea: autokontrola eta mundu emozionalaren ezagutza eta erabilera egokia egitea.
  • Malgutasuna: egoeren ikuspegi globala lortu eta behar den momentuan aldaketak egitea.

Lidergoa garatzeko perfila:

Ekintzaileak (liderrak) segidan aipatzen diren ezaugarri hauetako batzuk izan behar ditu bere buruaren eta osatu duen taldearen autonomia indartzeko:

  • Egiten denari zentzua eman: lanen eta taldearen ikuspegi osoa lortzeko gaitasuna izan behar du. Horrela, jarduerari zentzu eta kohesioa emango baitio.
  • Komunikatzeko gaitasuna izan: egin behar diren bilerak, kudeaketa lanak, aurrez-aurreko salmenak, aurrez antolatzea eta transmititu nahi diren mezu eta irudiak pentsatzea.
  • Arazoei aurre egiteko gaitasuna izan: ager daitezkeen arazoei edota gatazkei modu eraikitzaile eta positiboan aurre egiteko gaitasuna izatea; baita negoziaziorako gaitasuna izatea ere.
  • Osatu dugun lan-taldeko pertsonak ezagutzea: bakoitzaren nortasuna eta berezitasuna ezagutzea eta baloratzea, talde eta pertsonak kudeatzeko gaitasun sozialak garatuz.

Lidergo feminista lantzeko zein gaitasun behar dira?

  • Interes propioak ordezkatzeko gaitasuna. Emakumeok norberaren interesak ordezkatzeko subjektuetan bilakatu behar dugu, maiz besteen interesak jartzen baititugu gureen aurretik.
  • Argumentatzeko gaitasuna. Lidergoa gauzatzeak gauzak eta egoerak azaltzeko diskurtso bat, ezagutzak eta argumentu sendoak izatea dakar.
  • Defentsa propiorako gaitasuna. Gure bizitzak zaintzea esan nahi du, eta baita, inguruan ditugunenak ere. “Denarekin ahal dut” pentsamenduari aurre egin behar zaio eta gure bizitzak baloratzea eta erdigunean jartzea bilatu behar dugu, arriskuan jarri gabe.
  • Asertibitatea edo ezetz esaten ikastea. Batzuetan ezetz esatea kosta egiten da, eta badirudi mina ala bazterketa sortuko dugula. Baina, geure buruak zaintzeko bidean, zer egiteko prest gauden eta zer ez argi izan behar dugu; eta ondorioz, ezetz esatean gure bide propioa eraikitzeko urratsak ematen ariko gara.
  • Lidergo eredu inklusiboak garatzea. Hierarkia ereduak hautsi eta horizontaltasuna bilatzea, pareko harremanak eraikiz.
  • Norberaren autoritatea onartzea. Gure eta beste emakumeen autoritatea onartu behar ditugu, horrela, norberaren autoestima eraikitzeko bidea sendotuko dugu eta emakumeon arteko sororitatea landu.

Gaitasun hauek guztiak pixkanaka lortzen joatekoak dira, bizitza ikasketa bat da eta gure nortasuna eta ohiturak aldatuko dituzten gaitasunak lortzea ez da egun batetik besterako lana.

Besteen ereduak ezagutzeak, liburu eta hausnarketa feministak irakurtzeak, eta ikasitako gauzak pixkanaka praktikan jartzeak lagunduko dizu urrats sendoak ematen zure jardueraren eta bizitzaren lidergo feminista sortzeko unean.

Lidergo feminista