Lorpen txikiak ospatzen al dituzu?

 

Ekiten ari garenean edota jadanik bideari ekin diogunean ere, beti gehiago nahi izaten dugu. Hau da, bezeroak lortzen ari bagara, bezero horiek lana era orekatuan eskatzea nahi dugu; bezero gutxi baditugu, lanak ziurtatuta izan arren, gehiago nahiko ditugu; etab. Zaila da hasierako momentutan konforme egotea, lan handia egiten baita erantzun gutxirekin.

Pazientzia eskatzen duen ibilbidea da ekitearena. Lan asko egin behar da eta erantzunak askotan hilabetetara, edo urtetara, irits daitezke. Hori dela eta, oso garrantzitsua da norberaren lanean sinestu eta aurrera jarraitzea, ilusioa, lana eta konfiantzarekin aurrera egitea. Jakin badakigu beti ez dela erraza, gora beherak izaten direla eta egindako lanaren ostean lorpenak izatea motibagarria dela.

Lorpen txikiak, zeintzuk dira?

Baina, zeintzuk dira lorpen horiek? Lorpen handiak nahi ditugu batzuetan: “zergatik ez gaituzte kontuan hartzen egiten ari garen lan guztiaren ostean”, “merkatua ezagutu nahi dut (4 hilabete denean denda/enpresa ireki dela)”, etab. Kontziente izan behar gara jendartean lekua egiteak bere denbora behar duela, nahiz eta publizitate eta zabalpen lan egokia egin. Bezeroek gugan konfiantza izateko lanak egin beharko ditugula eta askotan dirua dela erabakien oinarria. Hau da, zurea baino aurrekontu baxuago bat izanez gero, balorazioa egiten duen pertsonaren arabera irizpideak ere desberdinak izango direla.

Pazientzia.

Hori dela eta, ilusioa ez galtzeko lorpen txikienak ere ospatzea garrantzitsua da. Bezero posible bati idatzi eta erantzun egin dizula zuk deitu behar izan gabe? Lorpena da hori. Email orokor bat idatzi eta espero ez zenuen batek erantzun dizula esanez interesgarria dela eskaintzen duzuna, nahiz eta une honetan baduten jada eskaintzen duzun hori… beste lorpen bat da. Dendara birritan bezero bera izan duzula aste berean… lorpena da. BEZa era egokian kudeatu duzula, zorionak! Zure proiektuaren berri izatea, erantzunak jasotzea, eguneroko lanak erraztea… hasieran horiek lorpen txiki/handiak dira.

Konstantzia.

Norberak bere lan eremuan ikusi behar du lorpen horiek zeintzuk izan daitezken, baina, ospatu. Pintxo bat janez, paseoa ematera ateraz, musika topera jarri eta dantzatuz edota gustuko duzuna eginez, baina ospatu. Hartu tartea zure lorpena ospatu eta barneratzeko. Bestela, aurrerapenik ez dagoen sentsazioa izaten dugu eta ez da hala izaten.

Horrekin lotuta, urtean bi alditan nolabaiteko balorazioa egitea interesgarria da. Alde batetik, ordura arte egindako aurrerapenak ikusteko aukera egokia delako eta bestetik, hobetzeko dagoena ikusteko aukera eskaintzen duelako. Beraz, ospatu! Lorpen txikiak, ertainak eta handiak! Ekintzaileen bidea zaila da eta ilusioa mantentzeko garrantzitsua da norberaren burua baloratzea eta egindako esfortzuari balioa ematea.

Lorpen txikiak ospatzearen garrantzia