This post has already been read 80 times!

Baliabideez hitz egin dugunetan, lana eta geure buruan zaintza hobetzeko liburuak, dokumentalak, etab. proposatu ditugu orain arte. Gaurkoan ekintzara bideratu nahi zaitugu, luzaketak egitera.

Luzaketak egiten al dituzu lana amaitu ostean? Zure gorputzaren jabe al zara lanean ari zaren bitartean? Mina non duzun, zein posturatan egiten duzun lan, horiek egokiak diren edo ez zure gorputzerako, etab.?

Ordenagailu aurrean ordu asko pasatzen ditugun ekintzaileok bizkarra, lepoa, behatzak izaten ditugu minduta askotan. Gehienetan postura desegokietan denbora luzez egoteagatik sortuak izaten dira oinazeak eta horien ondorioz fisioetan diru dexente xahutu ohi dugu. Hori saihesteko eta gehienbat, gure osasuna zaintzeko oso garrantzitsua da mahaia, aulkia eta ordenagailua altura egokian izatea. Hori horrela badugu, lehen lana egina dugu; geroko lana hauxe da: gu geu arduratzea posturak hobetzeaz. Ez da lan erraza, nahi gabe, inertziaz hartzen baititugu postura txarrak. Baina, adibidez, hankak gurutzatzeko ohitura handia dugu eta hori oso txarra da, gerriko hezurrak desorekatzen dituelako, eta ondorioz, geure gorputza. Eserita gaudenetan hankak gurutzatzen ditugula ohartzen bagara, ondo jartzeko saiakera egitea garrantzitsua da eta pixkanaka era naturalean eseriko gara hankak gurutzatu gabe.

Dendetan lanean zabiltzaten ekintzaileek ziurrenik hankak izango dituzue askotan kargatuta zutik denbora luzez egoteagatik, ezta? Lan arlo bakoitzak bere eragina du geure gorputzetan eta horretaz jabetu behar gara, ahal dugun neurrian, ahalik eta gehien gutxitzeko geure buruei lanaren ondorioz eragiten diegun sufrimendua.

Luzaketak hasieratik egin ditugu

Geure buruen zaintza hasieratik oso garrantzitsua izan da guretzat. Lan ordutegia geure eta ingurukoen zaintzekin bateragarri egin dugu, besteak beste. Horrekin guztiarekin batera, hastapenetatik, luzaketak egiten ditugu lan eguna amaitzen dugunean. Gure kasuan lepoa, bizkarra eta besoak dira luzaketen protagonistak, eurak baitira gure eguneroko lanean gehien sufritzen dutenak. Begiak itxi eta arnasketa sakon batekin bukatzen dugu lan eguna 😉 Gehienetan pozik egin dugun lanarekin egun horretan eta kezkatuta amaitzen dugunetan ere, luzaketek erlaxatzen laguntzen digute.

Jarraian ikusgai duzun irudiko luzaketak egiten ditugu. Zuk egiten al dituzu? Ohartu al zara gorputza zaintzeak duen eraginaz zure egunerokoan? Zure lan arloa beste bat bada, ze luzaketa mota dira ondoen datozkizunak?

Luzaketen garrantzia