This post has already been read 25 times!

Makinak bezala lan egin behar dugula dirudi eta emozioek ez dutela lekurik izan behar gure eguneroko lanean, ezinezkoa denean horiei kasurik ez egitea.

Ekintzaile baten egunerokoan, behin eta berriz esan ohi dugun moduan, denetik ikasi beharra dago. Beste enpresa baterako lanean zabiltzanean zure lanpostua definituago egon ohi da: komunikazio arduraduna, saltzailea, kudeatzailea, community managerra, etab. izan zaitezke eta horri dagozkion egitekoak izango dituzu egunerokoan. Ekintzaile batek bere proiektua garatzeaz gain, administrazio lanak, salmentarako plangintzak eta askoz gauza gehiago izan ohi ditu bere egitekoen artean, horietako asko eta asko ikasi egin beharko dituenak unean uneko beharren arabera.

Emozioak

Baina, bizitzako beste hainbat arlotan bezala, horrela ikasten da, ezta? Pixkanaka eta beharren arabera gehienetan. Baina… noizbait ikasten al dugu gure emozioez? Eta besteenez? Kontuak eramaten ikasten dugu, salmenta estrategiez, sare sozial berriak kudeatzen, gure proiektua garatzen… baina, bide honetan emozioek berebiziko garrantzia dute, ohartu ez arren.

Bizi garen jendarteak beti aurrera begiratzera bultzatzen gaitu, gaizki sentitzen bagara ez dugu tarterik hartzen zergatiak topatzeko eta irtenbidea aukeratzeko, ez, hobe da aurrera jarraitzea, konponduko da pasa dena edozer izanda ere. Lanean sentitzen ditugun emozioekin gauza bera gertatzen da: ez du axolik nola gauden, “produktiboak” izan behar gara eta egunero “berdin” egon behar gara, makinak izango bagina bezala lan egin eta beti aurrera begiratu; gure barnera inoiz ez, ea gehiegi konplikatu garen eta produktiboak izateari utziko diogun… Baina, zorionez, ez gara makinak, egun bakoitza desberdina da guretzat eta aldaketa horietan emozioak oso garrantzitsuak dira. Egun batzuetan hobeto sentituko gara bai barne aldaketengatik eta baita kanpo faktoreengatik ere, eta bestetan okerrago. Geure buruak errespetatu eta ulertzea ezinbestekoa da.

Makinak izan behar garela dirudi

Makinak izan behar garenaren pentsamendu honetan badirudi hornitzaile, bezero eta bestelakoen jarrerek ez digutela eragin behar, baina, askotan ez da hala izaten. Nahiz eta adimen emozionala lantzen goazen neurrian ulertu beste pertsona horren jarrera ez dela gure ardura, egunerokoan ez da erraza izaten hori hala ulertzea eta garrantzia kentzea hornitzaileen arreta txarrari edota bezeroen lekuz kanpoko exijientziei. Eta noski, eragiten digute eta haserretu egiten gara, tristetu, gutxi baloratuak sentitzen gara askotan.

Nola aurre egin horri? Ez al dugu nahikoa gure emozioak kudeatzearekin? Bai noski, baina, besteenak gureetan eragiten duten momentuan hausnartu behar dugu zergatik sentitu garen horrela, zer egin behar dugun aldatzeko eta hobeto sentitzeko, ea gurekin loturarik duen jarrera horrek eta horregatik sentitu garen gaizki, etab.

Hasi ginenean bezeroen ezezko bakoitzak asko eragiten zigun, proiektuari baino, guri emandako ezezko moduan sentitzen genuelako, proiektua guk sortu eta mamitutakoa zelako eta ezinezkoa egiten zitzaigulako une horretan bereizketa egitea. Denborarekin ikasi dugu ezezkoak era naturalago batean onartzen eta ez gure gain hartzen ezezko bakoitzaren pisua, erantzun horien atzean arrazoi ugari daudelako gure eskuetatik at daudenak (arrazoi ekonomikoak, interes pertsonalak, ikuspegiak, etab.). Ez da erraza, baina, egoera osotasunean ulertzen dugunean besteen jarrerak gutxiago eragiten digute eta gu geu gehiago zaintzen ikasten dugu. Emozioez jabetu eta berauek zaintzea ere badelako gure proiektua zaintzea. 

Bezeroen emozioak geure ez egiteko bidea