Melitta Bentz ekintzailea ezaguna al duzu? XX. mendean jaio eta bizi izan zen emakume hau asmatzaile izateaz gain, fabrika baten sortzailea ere izan zen, besteak beste.

 

Guk duela gutxira arte ere ez genuen Melitta Bentz ekintzailearen berririk. Garatzen ari garen ikerketa lan baten ondorioz topatu dugu emakume honen inguruko informazioa.

Postmodernitate garaian gaudela diote batzuek, une oro gauza “berriak” asmatzen ari garela uste dugun aroan. Baina, hau ez da horrela. Guk asmatu ditugula uste ditugun metodologia, lan moduak, asmakizunak, etab. gure aurretikoek ere martxan jarri zituzten; ziurrenik beste era batera izendatu zituzten, edo izendatu baino, martxan jarri zituzten terminologietan galdu gabe. Baina, asko, existitzen ziren aurrez ere.

Melitta Bentz 1873an jaio zen Alemaniako Dresde hirian. Etxean lan egiten zuen, familia zainduz eta etxeko lanak eginez. Pikorrez betetako kafea edateaz nazkatuta, material desberdinekin frogatu eta kafe filtroa sortu zuen, pikorrik gabeko kafea egiteko aukera eskaini zion bere asmakizunak eta kafearen zaporea ere asko hobetu zuen aldaketa horren eraginez.

Melitta Bentz ekintzailearen asmakizuna

1908ko ekainaren 20an patentea erregistratu zuen eta urte bereko abenduan kafe filtroen fabrika zabaldu. Gerrak pasa ziren eta fabrikak aurrera egin zuen. Egoera zailei aurre egin behar izan zien, baina, bere helburua langileak zaintzea izan zen hasieratik. Gabonetako extra jasotzen zutela ziurtatzen zuen beti Bentz-ek (enpresa bere semeei utzi zienean ere); 5 egunera laburtu zuen lan astea, festa egun gehiago emanez langileei eta “Melitta Aid” fundazioa sortu zuen langileei laguntza soziala eskaintzeko.

1950ean hil zen, baina enpresak martxan jarraitzen du gaur egun. Mundu mailan kafe filtro salmentetan aitzindaria da.

Gaurkoan azpimarratu nahi duguna ez da bere asmakizuna. Kafea gustatzen zaigunontzat berri ona den arren, sortu zuen enpresa mota iruditzen zaigu garrantzitsuena kasu honetan. Lehenik eta behin, garai hartan emakumea, sortzailea eta fabrika baten zuzendaria izatea ez zen lan makala izango. Horretaz gain, Mundu Gerrak eta egoera zailak pasa behar izatea eta, hala ere, bere langileen egoerari erreparatu izana, zabaltzeko moduko afera dela uste dugu. Bentzen inguruko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, Mujeres en la historia webgunean duzu aukera.

Beraz, garai eta kondizio haietan horrelakoak egitera ausartu ziren aitzindariak baditugu, guk ere egin ahal izango duzu, ezta?

Beste gaietan bezala, erreferenteak izatea ezinbestekoa da:

Zementuzko sabaia (Techo de cemento): erreferente falta dela eta, edota amatasuna, bizitza pertsonala, autokritika handiagoa edota lidergoa eta anbizio profesionala ulertzeko era desberdinen eraginez, emakumeek arlo politikoan, sozialean eta enpresa munduan aurrera egiteko dituzten mugei egiten die erreferentzia.

Esamolde honek jasotzen dugun hezkuntza sexistarekin harreman zuzena du, enpresetan egiten den denboraren antolaketarekin (kontziliazioa kontuan izan gabe) edota historikoki enpresetan egituratzen diren jerarkizazio moduengatik.

Sabai honi aurre egiteko, emakume askok duten aukera bakarra lan egitura, ordutegi eta dinamika maskulinoetara egokitzea da.

Melitta Bentzen aitzakian, erreferenteen eragina eta erreferente bilakatu ahal izatea -datozen belaunaldietarako- azpimarratu nahi dugu. Animo zure bidean eta ekin zure ametsa eraikitzeari!

Melitta Bentz ekintzailea