This post has already been read 35 times!

Ekonomiaren eta generoaren ikuspegitik herrien bilakaera nabarmena ari gara bizitzen. Herriak beren bizitasunean ezagutu ditugu, haurrak parkeetan eta kaleetan ordu mugarik gabe jolasten zutela; herritarrek elkartzeko eta harremantzeko gune ezberdinak zituztela; merkataritza txikia ugaria zela; etab.

Herrietako gaur egungo egoera: bizimodu indibidualizatua

Alor ekonomikoari erreparatuz gero, ordea, herri gehienen argazkia asko aldatu da. Dendak ixten ari dira, kaleetan dagoen bizimodua etxeetara ala gune pribatuetara aldatu da (esaterako, haurrak ikastolaz kanpoko ekintzetan apuntatuz), eta harremanak ere, asko, mugikorretako ala ordenagailuetako aplikazioen bitartez mantentzen dira. Indibidualizatu egin da, oro har, bizimodua. Eta honek, eragin zuzena eta txarra izan du herriko merkataritzarengan.

 

Merkataritza txikian emakumeak dira gehienak:

Merkataritza txikian ekiten dutenak emakumeak dira gehienak. Erabat atomizatuta dagoen sektorea da, eta bakardade horretan, laguntza instituzionalik gabe, aholkularitza pertsonalizatu gabe, eta taldeko izaera garatu ezinik, bidegurutzean aurkitu dira emakume asko. Askori elkarte bateko kide izateko eskatzen zaien hileroko kuota ordaintzea ere ez zaie bideragarria egiten. Eta elkarte horien jarduna, gaur egungo jendartearen beharretatik urrun dago (merkataritza handiak, aldiz, oso ondo jakin du jendarte modernoarengana iristen; besteak beste, inbertsioak egiteko kapital nahikoa baitute eta laguntza instituzionalak jasotzen baitituzte inbertsioetarako eta baita herrietatik hurbil euren dimentsio handietako zentroak irekitzeko).

 

2018an 1.800 denda itxi ziren Gipuzkoan:

2018ko datuek garbi azaltzen dute: 1.800 denda itxi ziren Gipuzkoan. Hainbat arrazoirengatik etorri dira itxiera horiek:

  • Erretiroa hartzen duten familiek ez dutelako ondorengorik topatu beren jarduera jarraitzeko.
  • Negozioa aurrera ateratzeko aholkularitza tekniko, emozional eta sektoriala falta izan dutelako.
  • Saltzeko teknikak ez dituztelako garatu: aurrez aurreko tratuan, online salmentetan, etab.
  • Ordutegiak eta zerbitzuak ez dituztelako egokitu jendearen ordutegi eta behar berrietara (adibidez, ordutegi jarraiak, etxerako zerbitzua, eskaerak egiteko online moduak, etab.). Horretarako, pertsonak eta baliabide ekonomikoak izan behar dituztelako eskura, eta noski, denda bakarrarentzat bideraezina bihurtzen da behar hauek estaltzea.
  • Ekin eta urtebetera edo bira itxi duten ekintzaileak ere badira: urtebetez ala bitan, gastuak ordaintzeko soilik ateratzen zutelako. Eta noski, beste guztiok bezala, hauek ere besteei ordaintzeaz gain, euren bizimodua aurrera ateratzeko dirua behar dute.

Egoera honi aurre egiteko badaude bideak, ordea. Eta, argi dago, gaiari estrategikoki heldu behar zaiola. Eraldaketa sozial negatiboa ekarriko baitu herriak dendarik gabe geratzeak, eta merkataritzako ekintzaile asko lanik gabe geratzeak.

Merkataritza txikia (1): feminizatuta eta bakartuta