Politikariek askotan argazkiak ateratzen dituzte kanpaina konkretu bat egiten dutelako merkatari txikiak bultzatzeko. Baina, bistan da, ekintza hau hutsala dela. Estrategikoki landu beharreko gaia da merkataritza txikiarena: herriari asko ematen diolako, baina, merkatari bakoitzaren esku uzten delako bizirauteko ardura.

 

Beste sektoreetan beste enpresa motek, laguntza ugari izaten dituzte administrazio publiko ezberdinetatik (industria, esaterako.). Eta horrez gain, bateratzen dituzten elkarte handiak dituzte euren atzean, babestuta sentituz enpresa bakoitza. Enpresa hauek, gizonezkoez osatuta daude gehiengo batean. Horregatik, egiten dugu lotura generoarekin: sektore maskulinizatuek laguntza instituzionala izan dutelako betidanik eta gaur egun ere.

 

Izan ere, 1.800 denda ixteak, pertsona asko kalegorrian egotea dakar. Baina, merkataritza txikia izanik, ez du oihartzun handiegirik izan. Banaka banaka ixten joan diren dendak izan baitira: ixilean, bakoitzak bere zama beregain hartuz. Ez da konpartitu den zama bat izan, eta administrazio publikoak ez du bere arduratzat hartu; ez da denda multzo hau erreskatatzera atera, beste hainbat enpresarekin egin duen bezala. Ez dute sektore estrategiko gisa hartzen.

 

Badaude moduak merkataritza txikia bultzatzeko:

  • Urtero komunikazio kanpaina amankomunak egiteko dirua eta baliabideak ematea.
  • Benetako eta gertuko aholkularitza tekniko, emozional eta sektoriala ematea.
  • Zerbitzu bateratuak eskaintzeko dirua eta baliabideak ematea: etxera banaketak egiteko zerbitzua, online eta mugikorren bidez eskaerak egiteko aplikazioak, etab.

 

Sektorea estrategikoa dela konturatzea bakarrik behar da, eta, borondate politikoa izatea eskuhartze aktibo eta sakona egiteko. Merkataritza txikian baldintza duinak izateko ikuspegi kolektiboa garatu behar da, eta, ekin horretan gidaritza tokiko administrazioek izan behar dute.

 

Nolako herriak eta bizimoduak izan nahi ditugu etorkizunean?

Merkataritza txikia (2): herriak garatzeko apustu estrategikoa