This post has already been read 73 times!

Ekintzaile izateak, hau da, zure proiektu propioa martxan izateak ez du esan nahi uneoro motibatuta egongo zarenik.

Badirudi gure proiektuan lan egiteko aukera dugulako, beti pozik eta motibatuta egon behar garela; baina ez da hala. Proiektua aurrera ateratzeak esfortzu handia suposatzen du, eta ilusioa ere handia izaten den arren, bide neketsua da. Beste edozein lanetan bezala, ekintzaileok ere gure gorabeherak ditugu eta hori azaleratzea ezinbestekoa da. Baina, prestatu beharko gara halakoak entzuteko: “zu behintzat zure enpresaren jabea zara”, “nik zuk baino ordu gehiago sartzen ditut eta gainera nire nagusia jasangaitza da”. Esaldi horiek egia izan daitezke, baina, gu geure nagusi izateak ez du esan nahi motibazioa beti gorenean izango dugunik. Askotan lan motak eragingo digu; bai, lan motak: gure nagusi propioak izatean gustuko ditugun lanez gain edota eskaintzen dugun zerbitzu horretaz gain, administrazio lanak, komertzial lana, bezeroekin harremana, etab. ere kudeatu eta landu beharko ditugu. Ziurrenik, horietako lan bat baino gehiago gustuko izango ez ditugunak edota zailak egingo zaizkigunak, galduta sentitzen garelako arlo horretan; baina, egin beharko ditugunak goiz ala berandu. Proiektuak aurrera egin ahala, beharbada lan batzuk egin diezazkiguten ordaindu ahal izango dugu, baina, hala ere, bestelako lan asko egin behar izango ditugu.

Motibazioa galdu dut

Horretaz gain, gure eskaintza zaharkituta geratu daiteke eta berritzen egotea ezinbesteko lana da, horrek suposatzen duen neke mentalarekin. Zoragarria den bide hau neketsua ere bada, ezta? Hala ere, idatzi honen helburua ez da motibazioa gutxitzea pantailaren bestaldean dagoenari; motibazio eza zilegi dela adieraztea baizik. “Gustuko lana topatzen baduzu, ez duzu berriz lanik egin beharko” esaldi ezagunak min handia egin digu eta jada nahiko lan dugu beste hainbat gairekin sentitzen dugun errudun sentsazioari aurre egitearekin, lanean une batzuetan izan dezakegun desmotibazioagatik ere errudun sentitzeko.

Argi dago gustuko lana egiteak laguntzen duela pozik joaten bertara, motibatuago egoten; baina horrek ez du esan “berriz lanik egin beharko” ez dugunik eta une oro pozik eta lan egiteko gogotsu sentituko garenik. Baina, normala da. Ez kezkatu. Emozionalak gara (bai emakumezko eta baita gizonezkoak ere) eta geure gorputzei gehiago erreparatuko bagenie, ohartuko ginateke “produktibo” izatea 7 egunez eta 24 orduz ezinezkoa dela. Egun batzuk hobeak izango dira, beste batzuk okerragoak; batzuetan olatua surfeatzen ariko gara eta bestetan ur azpitik ateratzearekin nahiko lan izango dugu. Ez gaitezen errudun sentitu.

Desmotibazioa denboran zehar luzatzen bada, kezkatuko gara eta horren zergatiak zeintzuk izan daitezken pentsatu beharko dugu, batipat gu hobeto sentitzen hasteko, horren eraginez sentituko baikara hobe lanean. Baina, egun solteak direnean, geure momentua errespetatzea garrantzitsua da; merezi ez dugun errietarik ez diezaiogun egin geure buruari. Ez bagaude sortzeko gaitasunarekin, lan mekanikoagoak egiteko egun egokiagoa izan daiteke edota denda bat badugu eta egun horretan erosle gutxi sartu badira, agian eskaparatea birdekoratzeko ideiak pentsatu edota bilatzeko unea izan daiteke.

Errespeta gaitezen, uler dezagun ekintzailetza bide zaila bezain aberasgarria dela eta ausartak garela geure ametsa egi bihurtzeagatik. Beraz, goxo trata gaitezen, bai? 😉

 

Motibazioa galdu dut… eta orain, zer?