Nola kudeatu genezake beldurra? Galdera erraza eta maiz egiten duguna den arren, erantzun zaila du.

Beldurra. Ze zaila den gure beldurrei aurrez aurre begiratzea, ezta? Txikitatik eta bizitzako momentu desberdinetan sentitzen duguna da beldurra. Arrazoiak desberdinak izan ohi dira, baina, kontrolaezina den zerbait da. COVID-19ak argi utzi du hori. Beldurra oso era desberdinetan sentitu dugu denbora honetan, baina, hor egon den eta dagoen zerbait da, norberak ahal duen moduan kudeatu behar izan duena.

Orokortasunetik ekintzailetzara saltoa ematen dugunean, zer esan dezakegu beldurraz? Zerk beldurtzen gaitu gure proiektuaren garapenean? Zergatik beldurtzen gaitu horrek? Norberak, bizitzan duen motxilaren arabera, beldur batzuk edo besteak izango ditu bere proiektuarekin lotuta: batzuk agian konfiantza gutxi dute euren buruengan, beste batzuek bere proiektua beharrezkoa izango ote denaren beldurra izan dezakete… Baina, orokorrean, ekintzailetzarekin lotutako beldurrak partekatuak izan ohi dira: gure proiektuaren porrotari beldurra, nahikoa ez izatearen beldurra, bezero eta hornitzaileekin sortu beharreko harremanaren mugak jarri beharrari beldurra -“Noiz esan diezaiokegu nahikoa dela bezero bati? Ezin dugula lan eta lan jarraitu bera gustura geratu arte, ez badizkigu irizpide egokiak ematen?”, etab. Nola liteke, hain desberdinak izanik eta bizitza pertsonalean beldurrak partekatzen ez baditugu, ekintzailetzaz ari garenean beldur antzekoak izatea?

Beldurra, zergatik?

Kontuan izan behar dugu gure inguruan ekitea ez dela ohikoa. Eskolan edo familian helduak garenean zer izan nahi dugun galdetzen digutenean, beren buruetan dagoena da X arlotan enpresa batean lan egitea aukeratuko dugula, ez gure proiektua garatuko dugunik. Badirudi ekiten duenak beste aukerarik ez duelako ekiten duela. Hori egoeretako bat den arren, ekintzaile askok ekitea erabakitzen dute beren ideia garatu eta horretaz bizi nahi dutelako, edo saiakera egin nahi dutelako behintzat. Ikasten duguna da enpresa batean lan egitea gure proiektutik bizitzea baino hobea dela, segurtasun handiagoa izango dugulako. Baina, hori guztiz horrela ez izatetik haratago -gaur egun merkatuak eskaintzen dizkigun kondizioak eskasak dira segurtasun aldetik-, ez digute amesten uzten, frogatzen saiatzen.

Horrekin lotuta, porrotaren kontzeptuak ere asko eragiten du ekintzailetzarekin lotutako beldurretan. Dena akatsik gabe egin behar dugula erakusten digute eta gaizki egiten dugunean frustrazio hori nola kudeatu erakusten ez digutenez, beldurrak areagotu egiten dira. Ez gara ohartzen dena akatsik gabe egiten saiatu arren, akatsak egongo direla eta dena ez dagoela gure esku. Ekintzailetzaz hitz egiten dugunean, adibidez, gugan ardura batzuk badauden arren, egoera sozioekonomikoa, gure sektorearen egoera zehatza, etab. ez daude gure eskura eta saiatu arren, beti ezingo diogu denari aurre egin, dena ia perfektu egin arren. Beraz, saia gaitezen ahal duzun hoberen egiten, horrek perfekzioa esan nahi ez duela jabetuz. Ausart gaitezen gure ingurunean onartuta dagoen egoera profesionalaz haratago ikusten eta amets egin dezagun!

Naif samarra irudituko zaizue agian, egoera bera zaila delako eta arrazoi duzue. Amesteak eta saiatzeak ez du esan nahi gogorra izango ez denik. Baina, gure beldurrak nondik datozen jakiteak, horiei aurre egiten lagunduko digu. Beraz, zuen beldurren jatorriaz hausnartzera bultzatzen zaituztegu eta ahal duzuen neurrian, beste egoera batekin amestera.

 

Nola kudeatu genezake beldurra?