Ideiaren garapena egin ostean jardueraren egunerokoa ikasteko unea iristen zaio ekintzaileari. Egunero zailtasun eta alaitasun berriak topatzen dira, eta gure burua prestatu behar dugu zailtasunak erronka bilakatzeko gaitasuna izateko. Nola landu daiteke, beraz, proiektuaren estrategia?

 

Estrategia pentsatzeko orduan ezin gara mugatu eguneroko ikuspegia izatera, ezta hilabetekora ere. Urteko estrategia egiteko gai izan behar gara: urtea hiruhilekotan banatu eta helburu orokorrak finkatu behar ditugu.

Helburuak finkatzea ez da zeregin erraza, baina, galdera hauek luzatzen dizkizugu lagungarri izango zaizkizulakoan:

  • Helburu ekonomikoak: zenbateko diru sarrerak lortu behar ditut gastu-aurreikuspenak betetzeko?
  • Garatze helburuak: nire jarduera garatzeko (dibertsifikatzeko) zein zerbitzu edo produktu berri eskain dezaket?
  • Formakuntza helburuak: zein ahulgune dauzkat pertsonalki jarduera modu eraginkorrago batean garatzeko?
  • Helburu emozionalak: nola sentitzen naiz egiten ari naizenarekin? Emozionalki zein sentipen sentitzen ditut fase ala zeregin ezberdinetan?

Galdera hauek erantzunda hainbat hutsune ala indargune identifikatuko dituzu. Behin lanketa hau eginda, ekintzak markatzeko unea iritsi da: zer egin dezaket helburu horiek lortzeko? Hau da, identifikatutako hutsune ala ahulguneak sendotzeko?

Ekintzak helburu bakoitzeko finkatu behar dira:

Helburu ekonomikoak lortzeko ekintzak:

  • Urteko gastuen aurreikuspena zenbatekoa den kalkulatu ondoren, diru sarrerak nondik lortu pentsatu beharko dut: salmentak handituz (publizitatea, komunikazioa, marketin ekintzak…), diru laguntzez baliatuz (Udalak, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, enpresa pribatuak…). Horrela, urteko helburu ekonomikoak lortzeko bidean urratsak ematen joango zara hilabetez hilabete.

Garatze helburuak lortzeko ekintzak:

  • Aurreko helburuarekin lotuta dago hau, zertan garatu dezaket nire jarduera? Ikuspegi estrategikoa izan behar duzu zure jarduerarekiko: merkatuak zer eskatzen duen behatu (zure kabuz egin dezakezun azterketa egin: kalera ateraz, inguruko jendeari galdetuz eta interneten kontrastatuz) eta zuk zein behar asebete dezakezun identifikatu. Salmenta gurutzatuak egin ditzakezu (oinetako denda bat baduzu, arropa ere sar zenezake, adibidez).

Formakuntza helburuak lortzeko ekintzak:

  • Nire jarduera gustura egiten dut eta ona naiz horretan, baina, hutsuneak hainbat alderditan. Nola aurkeztu nire lanak, zerbitzua ala produktuak bezeroei? Sare sozialetan egon behar badut, zeinetan komeni zait? Hilabeteko kontuak eramateko denbora pila bat pasatzen dut excell taula betetzen… hutsune ezberdinak izango dituzu. Baina, kontuan izan garrantzitsuena zer hobetu dezakezun jakitea dela: ikastaroak egin ditzakezu alderdi horiek indartzeko edota liburu/artikuluak irakurri. Ahulguneetatik ikasiz, pertsonalki eta profesionalki ahalduntzen joango zara!

Helburu emozionalak lortzeko ekintzak:

  • Emozioak identifikatu ondoren, egoera horietatik distantziatzea komeni da: sentsazio horiek gure gorputz eta buruetan sortzen duten eragina neurtzeko, eta onura ala kaltea eragiten diguten neurtzeko. Deskonektatu, oinez ibiltzera joan, kirola egin, musika lasaia ala alaia entzun, abestu, buila egin, zerbait jan, yoga egin… momentu bakoitzerako zure ekintza-giltzarria identifikatua izateak lagunduko dizu!

Helburu eta ekintza hauek adibide gisa azaltzen dizkizugu, baina, zureak osatu ditzazun taula bat luzatzen dizugu (urteko plangintza taula). Horrez gain, taula hau beteta ere, zure agendara pasa beharko dituzu ekintza zehatzak. Horrela soilik egingo baitute bat estrategiak eta eguneroko ekintzek, eta poliki-poliki urteko helburuak betetzen joango zara.

Urtearen amaieran, beraz, urtearen errepasoa egitea ezinbestekoa da. Bertan, betetako helburuak eta bete ez direnak zein izan diren ikusiko duzu. Plangintza hau aurrera eramanez gero, ziur gehienak beteta izango dituzula, eta hurrengo urterako helburu berriak pentsatzea geratuko zaizu.

Nola landu nire proiektuaren estrategia?