Norberaren proiektuarentzat egokiak diren sare sozialak (soilik) abiatuta ditugun honetan, bakoitza informazioz eta irudiz nola hornitu azalduko dizuegu gaur. Itxura profesionala eman nahi badugu, arreta berezia jarri behar diogu gai honi.

Sare sozialak profesionalizatu

Sare sozial gehienek atal beretsuak dituzte norberaren burua aurkezteko: deskribapena txertatzeko atala, harremanetarako bideak, logotipo edo irudi nagusiaren atala eta cover-a edo atzeko irudia.

Nola bete oinarrizko informazio atal hauek profesionalki?

  1. Deskribapenaren atala: informazio argia eta zuzena idatzi. Hau da, nor zaren, zer egiten duzun eta lekua baduzu, nola egiten duzun ere adierazi (zure bizi eta lan-filosofiaren zati bat, alegia).
  2. Harremanetarako bideak: zurekin harremanetan jartzeko hobesten duzun bidea jarri. Adibidez, nahiago baduzu emailez soilik egitea harremana, horixe bakarrik jarri. Gainontzean, telefonoa eta helbide fisikoa jartzea ere komenigarria izaten da.
  3. Irudi nagusiaren atala: laukitxo formatua izan ohi dute atal hauek, beraz, zure proiektuaren logoa neurri hauetara egokitu eta argi ikusten den moduan jarri.
  4. Cover-a: aukera ezberdinak eskaintzen ditu atal honek.
    • Alde batetik, lantokiaren, dendaren, edo lan egiteko txokoaren argazkia jar daiteke. Zu zeu (ala zuek, taldea bazerate) lanean zaudeneko argazkia jartzen baduzu, adierazgarriagoa izango da lantoki huts bat ikustea baino. Erreala izan dadila argazkia, ez ibili zureak ez diren itxurak egiten.
    • Baina, bestetik, zure proiektuen lagin bat aurkez dezakezu, ala produktu batzuk, ala zerbitzua ezaugarritzen duten elementuak.
    • Gogoan izan naturaltasuna eta gertutasuna transmititzea direla atal honen helburu nagusiak.

Argazki hauek ateratzeko ideiak beste ekintzaileengandik lor ditzakezu, inspiratu beste sare sozialetan begiratuz, kalean adi ibiliz, eta sortu zure izaera propioa kanal bakoitzean!

Inspiragarri izan ditzakezun hainbat proiektu zerrendatzen dizkizugu segidan, horien originaltasunagatik (izan argazki propioetan, izan jendearengan sortzen duten eraginean edota idazteko moduan):

  • Manttale haurrentzako oinetako dendaren Facebook kontua: argazki oso originalak ateratzen ditu oinetako bat promozionatzen duen aldiro. Irudimena eta goxotasuna transmititzen ditu.
  • Banilo, binilo itsasgarrien dendaren Facebook kontua: bere lan prozesu ezberdinak modu argian azaltzen ditu. Esku lana denez ilustratzaile honek egiten duena, plazerra da nola lan egiten duen ikustea.
  • Barretartia, umore zerbitzuen Twitter kontua: umorea da eskaintzen duten zerbitzua, eta bere kontuan horrez gain, genero eta sexualitate gaien inguruko informazioa biltzen du. Zerbitzua bera originala izateaz gain, osatu egiten du saio bakoitzean lantzen dituen gaien irakurgaiak luzatuz jarraitzaileei.

Espero dugu zure burua aurkezteko moduko ideiak eman izana!

Gozatu egunaz!!

 

Sare sozialak profesionalizatzeko gakoak