Ekitea oso bide aberatsa da, baina baita bakartia ere. Horri aurre egiteko, saretzea beharrezkoa da guretzat. Zer diozu?

 

Batzuk barkaka ekiten dute, beste batzuk, binaka edo taldean; baina, ekitea ez da enpresa batean soldatapean egotea bezala. Binaka edo taldean ekitea erabaki arren, bakarrik sentitzea ohikoa da: bakarrik sentitzen zara zure beldurren aurrean, zure ezinegonekin, erronkekin. Argi dago norbaitekin bazaude, beti ere eramangarriagoa dela, baina, zure mamuen aurka zuk soilik borroka dezakezu, babesa izan arren inguruan.

Hori dela eta, zure beldur, ezinegon, erronka horiek partekatzeko saretzea beharrezkoa da. Elkarren berri izan, egoerak partekatu eta elkar lagundu ahal izateko.

Saretzea beharrezkoa da? Zergatik?

Guk binaka ekitea erabaki genuen eta oso baliagarria izan zaigu, elkar babesten joan garelako eta jabetze prozesuan batak bestea izan duelako ondoan. Baina, gure kooperatiba zabaltzeko orduan bakarrik sentitu gara, nondik hasi ez genekiela… Aurrera gogoz eta gustura egin dugun arren, hastapenetan gure egoera antzekoan egon zitezken beste batzuen babesa izatea faltan somatu genuen. Sarean norberak bere jakintzak zabaldu eta besteak laguntzeko aukera dago, beldurrak partekatu eta denon artean gutxitzeko aukera eskaintzen du, elkarren berri ematekoa, etab.

Saretzeko aukera desberdinak daude: lan eremuaren arabera, lan filosofiaren arabera, langile kopuruen arabera, etab. Sare heterogeneoak ere aukera politak dira esperientzia desberdinen berri izan eta gugandik urrun egon daitezken errealitateak ezagutzeko.

Ekion sarea izateko helburuarekin jaio zen. Hasiera baten, webguneko ekintzaileak atalaren bitartez lan eremu eta herri desberdinetako ekintzaile emakumeen berri emanez eta gerora, sare fisikoa osatuz. Ekintzaileak atala aitzakia besterik ez da ikusgarri egin dadin emozioen garrantzia, ulertua sentitzearen beharra, norberak bere proiektua maitatzearen garrantzia, etab. ekiteko bide honetan.

Sare fisikoari dagokionez, lehen pausoak ematen hasi gara eta zurekin partekatuko ditugu jarraian hainbat xehetasun. Bi hilero bilerak egiten hasiko gara emakume ekintzaileekin (lan eremu, kopuru eta helburu desberdinekoak). Bilera horietan tailerrak egingo ditugu eta gure zalantzak eta etorkizuneko erronkak partekatzeko aukera izango dugu, besteak beste. Proiektua hastapenetan egon daiteke, garatuta edo aurrera egiteko zalantzati, egoera edozein izanda ere, ongi etorria izango zara! Sarearen inguruan gehiago jakin nahi? Jar zaitez gurekin harremanetan ekion@ekion.eus emailean. Animatu!

Saretzea beharrezkoa da