Sormena bizitzaren zati garrantzitsua da, ezta? Eta ekintzaile batentzat, are gehiago.

 

Gure proiektua garatzen eta zabaltzen hasten garenean erraza izan daiteke sormen aldetik, gure ideia guztiak hasiera horretan fresko eta martxan jartzeko prest ditugulako. Baina, lanean aurrera egiten dugun neurrian, gure ideiak, zerbitzuak, produktuak egoerara moldatzen joan behar gara, berritzen, hobetzen. Erraza dirudiena zaildu egiten da batzuetan, beti ez baikaude gure sormen momentu onenean -pertsonalki baxu gaudelako, profesionalki ez delako konfiantza gehien dugun unea, etab.-, arrazoia edozein izan daitekeelarik ere.

Hori dela eta, gure buru argiez gain, kanpo baliabideak izatea ere ondo etor dakiguke horrelako momentuetan.

Zerk inspira gaitzake gure lanean ideia berriak/produktu berritzaileak/bilduma berriak sortu ahal izateko?

Sormena lantzeko baliabideak:

  • Sare sozialak. Sare sozialetan informazio ugari topatzeko aukera izango dugu, baina, guk nahi dugun horretarako erabili ahal izateko, jarraitzen ditugun kontuen arabera izango da. Hau da, arropa diseinatzaileak bagara eta ideia berrien bila bagabiltza, komenigarria izango da tela eta hari tartean lan egiten duten beste batzuei jarraitzea. Hala ere, honekin kontuz ibili behar gara, gauza bat inspiratzea baita eta bestea kopiatzea. Sareek ideia berri ugari eskaintzen dizkiguten arren, kopiarako bide ere izan ohi dira. Beraz, zintzoak izan gaitezen eta originalak, mesedez 😉
  • Liburuak. Azken urtetan sareak liburuei lekua kendu die, baina, gure lanarekin lotutako liburuetan dagoen informazio ugari ziur ez dela sarean agertuko. Beraz, ez ahaztu liburuetan ere informazioa eta inspirazioa topa dezakegula.
  • Gure ingurukoekin hitz egin. Gure lagun/familia/inguruko ekintzaileekin hitz egin eta zalantzak partekatzeak beste ikuspegi batzuk izaten lagunduko digu eta hori oso inspiragarria izan daiteke.
  • Kalera atera. Inspiraziorik gabe gaudenetan, gure krisi momentuetan, kalera irten beharrean, gure bulegoan/dendan/txokoan geratzen gara, inspirazioa bertan etorriko zaigulakoan. Eta, batzuetan, hala izango da; baina, beste askotan, paseo bat ematera ateratzearekin jada gure burua beste zerbait ikusten/kontenplatzen jartzen dugun unean, ideia berriak etortzen zaizkigu burura. Ez da goiz osoko paseoa izan beharrik, tarte bat hartzearekin gure erosotasun esparru horretatik ateratzeko, grisa ikusten duguna koloreztatu genezake.

Eta zuri, zerk laguntzen dizu sormena lantzen?

Sormena lantzeko baliabideak