This post has already been read 90 times!

Covid-19a dela eta telelana deskubritu dugula dirudi. Baina, telelan erreala edo faltsua izaten ari da garatzen ari garen hau?

Gaur egun lanpostu askoren oinarria ordenagailua da (sektore batzuetan agerikoa da hori). Horrek bere alde onak ditu, baina baita alde txarrak ere. Lantokian presentzialki egon behar ez izateak, ateak irekitzen dizkigu beste espazioren batean ere lana egin ahal izateko eta hori bizitzen ari garen egoera honetan positiboa da. Hala lan egin dezakegunok, lanean jarraitu ahal dugulako eta ondorioz, lan erritmoa jaitsi arren ziurrenik, ez dugu gelditu beharrik. Baina, gure etxeak eta gure familiak prest al daude telelana ere errealean burutzeko?

Egoera honek azaleratu duen arazoetako bat horixe izan da: telelana egin behar izan dugu askok, baina, edo bezeroei moldatu behar izan gara eta horren ondorio izan da goizeko 7:00etan bilerak egitea eta baita gaueko 21:00etan ere. Edota, haurrak inguruan izanda lana egitea ezinezkoa bihurtu da. Beraz, zaintza ardurak hemen non daude? Dirua behar dugu bizitzeko, behar dugun hori erosteko eta diru hori lanak ematen digu jendarte honetan. Baina, etxean egotera behartuta bagaude eta mugarik ez badago, dena onartu behar badugu; gure osasun mentalak eragin zuzena jasoko dugu eta baita gure harremanek ere, besteak beste.

Telelan faltsua

Telelan faltsua izaten ari da hau: norberak ahal duena egiten du, ahal duen moduan, etxean duen egoeraren arabera. Baina, hori al da telelana? Ez, noski. Honek guztiak supituki harrapatu gaitu denoi eta ahal duguna egiten gabiltza, ditugun baliabide eskasekin.

Lanera presentzialki joaten ari direnen egoera zaila da, egoera zaila da, kutsatzeko aukera hor dago eta lanera joateak arrisku konstantean egotera darama pertsona hori. Baina, bestetik, telelana egiteko aukera izan eta egun osoa etxean igarotzen duen pertsonaren egoera ere ez da askoz hobea.

Argi dago honen ondorioz ikusi dela, lanpostu batzuetarako ez dela hain beharrezkoa egunero bulegoan egotea eta etorkizunean astean egun batzuetan behintzat etxetik lan egiteko aukera ireki duela; baina aukera horiek zein kondiziotan egingo ditugu hausnartu beharko genuke. Enpresa batean lan egiten badugu, ze kondiziotan ari gara etxetik lanean? Gastu guztiak gure gain daude? Gure enpresa propioa badugu, nola kudeatzen dugu egoera? Edota langileak baditugu, zein aukera eskaintzen dizkiegu?

Egoera okerrenetatik alde positibo edo onak ateratzea beharrezkoa da, baina, gaizki egindakoa nola hobetu daiteken pentsatzea ere ezinbestekoa da. Etorkizunean telelan erreala izan dezagun, zein baliabide izan beharko genituzke eskura? Enpresak zertan aldatu beharko lukete? Zaintza ardurak nola kudeatu genitzake?

Telelan faltsua